Koldo Landaluze kazetaria eta idazlea (Juan Luis Romatet)
Bilboko Santutxu auzoan jaio, baina Zumaian bizi den Koldo Landaluze kazetari eta idazleak bere hirugarren liburua,
Los perros del rey izenekoa aurkeztu zuen ostiralean, Zumaian.
Zer da liburu honetan kontatzen duzuna?
Abiatze bidaia bat da, joko bat, abentura bat. Herbestean jaio eta ia istripuz karlistak diren lagun batzuen kronika da. Arbasoak galtzaileak izan ziren Lehen Gerra Karlistan eta herbestera joan behar izan zuten. Orduan ezer gutxi zekiten egiten tiroak botatzeaz aparte. Horregatik ziren hain preziatuak. Adibidez, Rio de la Platako batailan karlista taldeak izan ziren Garibaldiren aurka borrokan. Amerikako Estatu Batuetara ere heldu ziren Sezesio-gerra garaian. Batzuk egoera hartan eroso bizi ziren, baina beste batzuk etxera itzultzeko gogoa zuten Bigarren Gerra Karlista hastekoa zelako. Abentura batean ia ohartu gabe murgiltzen den talde baten istorioa kontatzen dut.
Benetan gertatutako ekintzez baliatu al zara kontakizuna osatzeko?
Historialari batek liburu polemiko bat atera zuen. Hark zioen Sezesio-gerran karlista multzo handi batek hartu zuela parte, Lee jeneralaren aginduetara, konfederatuen ejerzitoan. Beste historialari batzuek zioten gutxi batzuk izan zirela gerra honetan borrokan izan ziren karlistak. Datu historiko batzuk ziurtatuta daude, baina horren gainean fikziozko elementuak kokatzen ditut. Joko bat bezala planteatzen nuen guztia, eta hor sartzen da Venezia. Nola demontre sartu pertsonaia hauek Venezian? Kezka hori nuen, baina, gauzak nola diren, Carlos VII.a erregearen gortea Venezian zegoen une hartan.
Dokumentu historikoren batean oinarritu al zara?
Liburu azoka batean Pablo Antoñanaren
Cronicas de la segunda carlistada liburua aurkitu nuen. Bururik gabe geratu zen zaldunaren historia kontatzen zuen, kontrabandisten ontzi batean lanean aritu zen [eta idazle handi bihurtuko zen] Joseph Conrad gaztearen historia,
Far West-a balitz bezala trenetan lapurretan aritzen ziren karlistena, eta abar. Epilogoan erronka bat luzatzen zuen, eta harekin jolasean hasi nintzen. Hor hasi zen ikerketa lana. Bigarren karlistadari buruz gauza asko idatzi da; Sezesio-gerran borrokan aritu zirenen izenak ere jasota daude. Veneziari buruz Carlos VII.a erregeak berak idazten zuen. Gero, Hugo Prattek [Corto Maltes pertsonaiaren sortzailea] Veneziaren inguruan kontatu zidan istorio bat dago. Surrealista dirudien arren, urteak pasatu ahala ikusi da egiazkoa dela. Baina nahiago dut horri buruz gehiago ez ezer esan.
Far West-a aipatu duzu. Mendebaldeko mitologia maite duzu. Western bat idatzi al duzu?
Idatzi ditudan hiru liburuetatik hau da western itxura handiena duena. Karlistaden garaian inguru hau oso basatia zen. Gizagaixo batzuk ziren, baina baita borrokalariak ere; basatiak eta, aldi berean, poetak. Nobela historikoak aspertu egiten nau; ez zait gustatzen nola hitz egiten duten liburu horietan. Nobela amerikarraren, nobela beltzaren estiloan egin nahi nuen, bere erritmoarekin eta tempoa-rekin. Historia zaindu behar zen noski, historiarekin koherentea izan behar duzulako. Baina baita pertsonaiekin ere, eta pertsonaiak nik sortu ditudanez, nik nahi dudan bezala hitz egiten dute: Nafarroako Erriberako bizilagunen hizkera erabiltzen dute.
Zure aurreko liburuen estiloarekin jarraitzen al duzu?
Espiritu aldetik bai, hori delako gehien gustatzen zaidana. Lekuz kanpo dauden pertsonaiek duten ilunabarreko estiloa gustatzen zait. Hala ere, konplexuagoa da, joko bezala hasi zena obsesio bihurtu zelako. Zama asko kendu nahi nion eta erritmo azkarragoa erabili. Nahi izanez gero 600 orrialdeko liburua idatziko nuen, baina justu hori zen erronka: dena 200 orrialdetara edo gutxiagora laburtzea.
Ez al duzu garai modernoago batean girotutako libururik idazteko tentaziorik?
Hasierako asmoa 1980ko hamarkadako Bilbon girotutako nobela poliziako bat egitea zen. Pertsonaia hauek,ordea, helduagoak dira orain. Liburutik kanpo utzi nituen gauza asko daude, eta bigarren zati bat idazteko tentazioa dut. Egiten badut, bi liburuz osatutako diptikoa izango da.
Azalean Zumaian aski ezagunak diren hiru pertsona agertzen dira. Nola bururatu zitzaizun?
Trailer-book bat egiteko gogoa nuen, eta horretarako pertsonaiak bilatzen ari nintzela hiru hauekin egin nuen topo. Gainera, liburuko pertsonaien antza dute. Herrian oso ezagunak dira, baina Bilbon liburua erakutsitakoan ea zer presondegitan aurkitu nituen galdetu zidaten!
Deabruaren Irlatik ihes egin, Vianara itzuli eta hiltzaile bihurtu zen arbasoa
«Pertsonaiak sortzeko hurbilena nuenera jo nuen. Ia familia guztian dago norbait, hari buruz apenas hitz egiten dena. Nik zerbait entzunda nuen, baina nire amonak ez zuen hartaz ezer esaten. Oso emakume ederrarekin ezkondu zela bakarrik. Xabier Antoñana katedradunaren bitartez jakin nuen zein izan zen. Nire arbaso honek karlistaldietan borrokatu zuen, galtzaileekin. Ihes egin behar izan zuen, eta atzerritar legioan sartu zen. Han barrabaskeria bat egin eta Deabruaren Irlara bidali zuten. Handik ihes egin zuen, eta Vianara itzulitakoan, bertako jauntxoek sikario, hiltzaile, bezala kontratatu zuten. Telegrafistari lezio bat eman behar ziola agindu zioten. Aurretik apaizarengana joan, haren bedeinkazioa lortu eta telegrafoaren kableetatik urkatu zuen. Beste batean, okina labean sartu eta su eman zion. Arbaso honen datu batzuk hartu nituen pertsonaia bat sortzeko».