Juan Jose Alvarez: "Zer eredu ematen diogu gizarteari geure artean kolaboratzen ez badugu?"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko urr. 28a, 10:55

Juan Jose Alvarez EHUko katedraduna da. Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza Laboral Kutxa 2015 saria jaso du zumaiarrak

Zuzenbide pribatuko katedraduna da Juanjo Alvarez (Zumaia, 1964), eta besteak beste, Europako Kontseiluko aholkularia. Orain egun gutxi Eusko Ikaskuntza Saria jaso du, eta han euskal unibertsitate sistema bateratu bat aldarrikatu du. Zer pentsatu zenuen sariaren berri izan zenuenean? Donostiatik Leioara nindoan autoan. IƱaki Dorronsorok deitu zidan esanez epaimahaiak aho batez hartu zuela erabakia. Sari hori ezagutzen nuen, unibertsitate munduan oso sinbolikoa delako, baina ez nekien hautagaien artean nengoenik ere. Dorronsorok esan zidanean epaimahaian zeuden hiru unibertsitateen proposamena izan zela, are eta politagoa bihurtu zuen albistea. Gero, saria jaso zutenen zerrenda ikusi nuen eta han Chillida, Caro Baroja eta halako jendea dago. Nik kanpora begira ez dut halako osperik, baina nire curriculuma saritu dute. Sari banaketa ekitaldian Euskal Herriko unibertsitateak batuko dituen euskarazko on line unibertsitate bat sortzea proposatu zenuen. Zerk eraman zintuen ideia hori plazaratzera? Euskal Herriko unibertsitateek hobekuntza handia izan dute; asko profesionalizatu dira. Baina, isolatuta bizi gara. Ez hori bakarrik, geure artean lehiatzen ari gara. Eta normala bada ere, ez dugu ezertan kolaboratzen. Zer eredu ematen diogu gizarteari, ez bagara gai etxe bakoitzaren onena batuko duen graduondo edo master bat eskaintzeko? Edo ekintza batzuk elkarrekin antolatzeko gai ez bagara? Legedia begiratu nuen, eta euskal unibertsitate sistemaren legean jartzen du elkarren artean kolaboratu behar dugula. Legediko premisa batekin, baina, ez nago ados: EAEn helbideratutako zentroek bakarrik har dezaketela parte dio. Baina, Nafarroako Unibertsitatean gure ingeniariak formatzen ari badira, zergatik ez du zentro horrek kolaborazio horretan parte hartuko? Niretzat gure unibertsitari bat da Paben, Baionan, Sarrikon, Leioan, Arrasaten, Gasteizen edo Donostian ikasten ari den ikasle bat. Zure ideia ez da berria, ezta? Kataluniako Universitat Obertarekin gertatu zen bezala, euskarazko on line unibertsitate bat garatzeko ideia aspalditik dago hemen. Auzolan moduan egitea proposatu nuen, unibertsitate bakarraren ideia izan beharrean, denona izan zedin. Eusko Ikaskuntzak berak 1923. urtean Euskal Herrirako unibertsitate bat sortzea jaso zuen, eta hari keinua egiten zaio. Proposamenak harrera ona izan duenaren jakitun naiz; artikulatzen zaila izango da, baina guk egiten ez badugu, kanpotik beste norbait etorriko da martxan jartzera eta, gainera, negozio ereduarekin. Unibertsitate birtuala proposatzen duzu, ez presentziala. Londresko Open University da munduko unibertsitate handiena. Bostoneko MIT mundu mailako gorenean dago, eta indar handia ematen dio on line kurtsoei; munduko irakasle onenak fitxatzen dituzte. Yale unibertsitatean medikuntza kurtsoa on line eskaintzen hasiak dira. Irakaskuntza mundua bide horretatik doa. Ikasle presentzial asko ditugu, eta hala jarraituko du, baina badago talde handi bat sistema berri honetan parte hartu ahal izango lukeena. Jasangarritasun ekonomikoari begira ere, ez dago zentro berri bat eraiki beharrik, ezta giza talde handi batez osatu beharrik ere. Mugak gaindituko lituzke gauzatuko balitz. Tabua ez al da izango batzuentzat? Harresietan zuloak zabaldu behar dira, eta unibertsitateak zabaldu ditzazke. Nafarroan izandako gobernu aldaketarekin, zulo bat dugu hor. Jakin dut Nafarroako Gobernuak interes handiarekin jaso duela ideia. Nafarroako unibertsitate publikoan euskara finkatzen ari da, eta horretarako bidea izan daiteke proposamen hau. Iparraldean ere gero eta familia gehiagok aukeratzen dute euskara, frantsesarekin batera. On line izateak badu beste abantaila bat, eta da mugarik ez duela. Garai berri batean bizi garela erakusten duten proiektuak gauzatzeko gai ez bagara, hitzetan geratuko gara. Euskara izan daiteke elementu eratzailea. Noski. Badakigu zerk banatzen gaituen eta zer desberdintasun dauden gure artean. Baina bada batzen gaituen elementu bat: euskara. Egun EHUn nahiz beste unibertsitateetan ikasgai guztiak bi taldetan ematen dira, euskaraz eta gazteleraz. Euskara liskar politikotik atera eta hezkuntza mundura eramango bagenu, euskara landu gabeko hizkuntza izatetik unibertsitate eta lan munduetara eraman zutenei omenaldi bat egingo genioke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide