Olarru-sub elkarteko lau kide erakusketarako prestatutako argazkiekin eta materialarekin (Juan Luis Romatet).
Espazio urruneko galaxiak eta izarrak gehiago ezagutzen ditugu gure itsasoen azpian dagoen flora eta fauna baino. Hala diote adituek, eta hala geratzen da agerian Olarru-sub elkarteak Alondegiko Oxford aretoan gaur zabalduko duen erakusketako argazkiak ikusita. «Jendeak egiten duen lehen galdera da ea hemen ateratakoak diren. Harrituta geratzen dira», azaldu du Oier Azkue elkarteko kideak. «Bai, olagarroak hor daude, baina beste espezie ugari aurki daitezke ur hauetan», esan du txantxetan.
Izan ere, euskal kostaldean ateratako argazkiekin osatutako erakusketa muntatu du urpeko jardueren elkarteak. «Beste itsaso batzuetan ateratako argazkiak ere baditugu, baina erakargarriagoa iruditu zaigu bertakoak bakarrik erakustea, geure uretan zer dagoen ikus dezaten».
Erakusketa hau azaroaren 1era bitartean izango da zabalik Alondegian, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Iñaki Alkalde, Ion Sanchez, Mikel Olaskoaga, Aitor Leitza eta Oier Azkue taldekideek ateratako argazkiak erakutsiko dituzte. Horrez gain, urpekaritzako materiala eta zenbait bideo ere ikusteko aukera egongo da. Gainera, gaur bertan, 18:30ean, hitzaldia eskainiko du Aitor Leitzak Zumaia eta Deba artean dagoen marea arteko gunean aurki daitezkeen bizidunen inguruan.
Garbiketak baino gehiago
2003ko ekainean sortu zen Olarru-sub elkartea, eta gaur egun 70 lagun inguru biltzen ditu, «ez Zumaiakoak bakarrik, Gipuzkoako beste herrietakoak ere badaude. Baita barrualdekoak ere: Bergarakoak, Tolosakoak...».
Zumaia mailan urtean bitan egiten dituzten ibai hondoaren garbiketagatik da ezaguna talde hau. «Baina hori baino gehiago egiten dugu. Urpeko jarduera guztiak hartzen ditugu kontuan. Urpeko arrantza egiten duten kideak daude, eta baita urpeko argazkigintzan aritzen garenak ere», argitu du Azkuek.
Taldea zabalik dagoela azaldu du. «Berez, jarduera hauetan parte hartzeko titulua behar da, baina gure kide batek urpekaritzako ikastaroak ematen ditu, eta urpekaritzan hasteko aukera uda garaian antolatzen ditugun bataioetara agertzea da. Hura gustukoa badu, gero ikastaroa egin dezake».
Getaria, leku egokia
Azkuek azaldu du Zumaia ez dela urpekaritza egiteko lekurik onena. «Alde batetik, erreka dago. Kutsaduragatik bakarrik ez, ibaiak ekartzen duen materialagatik ere ezer gutxi ikusten da ur azpian. Bestetik, harraldean eta Orroaga inguruan uharriak daude, eta horiek ere ura zikindu egiten dute».
Urpekaritzan aritzeko leku egokia Getaria dela adierazi du, «bai arratoiaren inguruan, bai Zarautz bidean dagoen beste leku batzuetan. Getariak ez du errekarik, eta horregatik da leku egokia jarduera honetarako».
Hain zuzen, igande honetan bertan Getarian izango dira bertako portua garbitzen, Gipuzkoako beste urpekaritza elkarte batzuekin batera. Lehorretik, moilatik ere laguntzea egongo da, eta horretara animatzen direnek 10:00etan Getariako portuan egon beharko dute. «Kostaldea garbitzeko egitasmo bat jarri da martxan, eta Getariarekin hasiko gara. Hemen, lehen, arratoiaren parean, itsas zaldiak aurkitzen genituen; orain arrantzontzien bateriak daude. Oraingo belaunaldiarekin alferrik da, baina ea etorkizunekoak kontzientziatzen ditugun».