Robert Louis Stevenson idazle eskoziarrak gure antipodetako itsasoek sortzen duten lilura kontatu zuen
Hego itsasoetako ipuinak liburuan. Paul Gauguin artista frantziarrak ere dena utzi eta Polinesiarako bidea hartu zuen. Hego itsasoek badute mundu osoko abenturazaleak erakartzen dituen zerbait. Horien artean da Francisco Jose Cayuelas Hernandez valentziarra. Zumaiatik Polinesiarako bidea hartzekoa da, hemen bertan erositako eta berriztutako
Sirius One izeneko belaontzian.
Itsasgizon hau orain 49 urte jaio zen Torreviejan (Alacant, Herrialde Katalanak). Mediterraneo itsasoaren urek bustitzen duten herrian jaioa, txikitatik itsasoarekin lotura estua izan zuela dio. «Gazte nintzela belaontzi bat erosi nuen, eta han bertan bizi nintzen, ontzian. Garai horretan ezagutu nuen nire emaztea bihurtuko zena».
Aktorea eta irakaslea da bere emaztea, eta hark Madrilen lanpostu bat lortu zuenean, itsasertza utzi eta barrualdera joan beharrean aurkitu ziren. «Toledon bizi ginenez, itsasontzia saltzeko erabakia hartu genuen. Oraindik ere pena handia ematen dit».
Ezustekorik gabe zihoan familiaren bizitza, krisialdiak sortutako ekaitzean murgildu ziren arte. «Zazpi urte gindoazen Toledon eta une batetik bestera lanik gabe geratu nintzen. Une horretan itsasora irteteko zirrara piztu zitzaidan berriro, eta iragarki bat jarri nuen belaontzi bat erosteko».
Krisialdiak jipoitutako beste pertsona batek irakurri zuen iragarki hori. «Bilbotar bat zen, eta belaontzi hau zuen Zumaiako portuan. Ezin zuen ontzia zaindu eta burokraziak oztopo pila bat jartzen zizkion desegiteko ere. Emaztea eta biok etorri ginen, eta ikusi genuen zizko eginda zegoela eta lan eta diru asko beharko genuela berriztatzeko. Hasieran ezezkoa eman genion. Berak, baina, ontzia eman egin zigun, berriztatzeko konpromisoarekin». Hala geratu zen
Sirius One bere eskuetan. Herbeheretako ontziola batean egindako altzairuzko belaontzia da.
«Aingeru bat»
Galiziako portu batera eraman eta han berriztatzen hasteko asmoa zuen Cayuelasek, berak dioen bezala, «aingeru» batekin topo egin zuen arte. «Ontzia zizko eginda zegoen, motorra matxuratuta zuen eta aingurarik ere ez zuen. Barinaga txatartegira joan nintzen eta galdetu nien ea katerik edo burdin piezarik izango zuen aingura bat egiteko. Pedrok nire historia entzun zuen, eta laguntzeko prest agertu zen: motorra, aingura, dena eman dit, eta berriztatzen lagundu dit. Dena musu truk», dio hunkituta. «Bera gabe eta hemen, Zumaian, egin ditudan lagunik gabe, hau ez zatekeen posible izango».
Bere asmoen berri familiartekoei esan zienean, erreakzioak oso desberdinak izan zirela azaldu du. «Hurbilenak ez direnek, lehengusuek, osabek, beti pentsatu dute zoro samarra nagoela, eta ez dute ulertzen. Are gutxiago bakarrik noalako. Alaba nirekin ibili izan da itsasoan, eta alde daukat. Emaztea, berriz, zerbait gertatuko denaren beldur da, baina, hala ere, bultzatu egiten nau».
Zumaiatik ateratzekoa da. Hasiera batean Murtzia aldera joango da, eta handik Kanaria uharteetara, Cabo Verdera eta, Magallaes itsasertza zeharkatuta eta Pazko uhartetik igaro ondoren, Polinesiara. Sei hilabete inguruko bidaia izango delakoan da. «Zergatik egiten dudan bidaia hau eta, gainera, bakarrik? Begira: 50 urte bete behar ditut. Gizaki baten historia kontatzerakoan, egindako gauzak baino egin ez direnak hartzen dira kontuan. Bidaia hau egingo ez banu, arantza sartuta izango nuke beti. Orain da unea».