Etorkizuneko Zumaia zehazteko plana jarriko du martxan udalak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko urr. 14a, 00:00

Politikarien, udal teknikarien eta herritarren artean egingo dute hausnarketa. Hiru fasetan banatuko dute lana, urrian hasi eta uda hasierara bitartean.

Zumaiako ordezkari poltikoak, udal teknikariak eta Elhuyarreko kidea (Zumaiako Udala). Nolakoa nahi dugu izatea etorkizuneko Zumaia? Noraino hazi behar du? Zeri eman behar zaio garrantzia? Egunerokotasunetik hegirada jaso eta epe ertain-luzeko ikuspegia erabilita, 2015-2025 Plan Estrategikoa jarriko du abian Zumaiako Udalak. Horrekin, etorkizunean eduki nahi den herri-eredua zehazteko hausnarketa prozesua abiatu nahi da, hamarkada horretan jarraitu beharreko estrategiak diseinatu eta horiek garatzeko helburuak eta ekintzak lantzeko. Itsasoarekin lotura estua duen herria izanik, arraun giroko izenburua jarri diote: Biharko Zumaiara boga. «Gure ustez, ezinbestekoa da hausnarketa egin eta herriari, denon artean, norabide bat ematea, eta denok batera helburu berari begira arraun egitea», azaldu zuen atzo Jon Iraola zinegotziak aurkezpen ekitaldian. Hala, plan honen berri herritarrei emateko, bilera bat egingo dute ostegun honetan, 19:00etan, Alondegian. Prozesu hau pasa den agintaldian jarri zuten martxan, eta 2015eko ekainera bitartean Zumaiako errealitatearen lehen argazkia osatu zuten. Maiatzeko udal hauteskundeak irabazi ondoren, EAJko gobernu taldeak proiektua berraztertu duela gaineratu zuen Iraolak. «Egindako lan horretatik abiatuta, diagnostiko hori herritarrekin, udaleko teknikariekin eta ordezkari politikoekin osatzea izango da lehenbiziko urratsa». Lan hori urte amaiera bitartean egiteko asmoa dago. Ondoren, 2016ko lehen sei hilabeteetan, diagnostiko horretatik abiatutako erronkak eta ekintzak proposatuko dira. Prozesua datorren urteko ekainerako bukatutzat emateko borondatea erakutsi dute udal ordezkariek. «Plan Estrategiko hau hurrengo Hirigintza Plana lantzeko oinarria izatea nahi dugu», esan zuen Iraolak. Herritarren partaidetza Etorkizuneko eszenatoki hori herritarrekin pentsatu eta diseinatzeari garrantzia eman nahi dio udalak. «Horregatik, prozesuan herritarrak inplikatu nahi ditugu, beraien iritziak, ekarpenak eta ideiak jaso eta denon artean etorkizuneko Zumaia irudikatu eta eraikitzeko», adierazi zuen Gotzon Enbil zinegotziak. Zumaiarrek duten erantzukizuna gogoratu nahian, herritar guztien artean zozketa egin dute, eta ausaz 96 lagun hautatuak izan dira prozesuan parte hartzeko, «herritarren artean parte hartzeko kultura sustatuz», azpimarratu du Enbilek. Bizilagun horiekin batera, alor edo esparru bakoitzeko eragile eta pertsona adituak ere gonbidatuko dituzte lan saioetara. Hala ere, saioak irekiak izango dira bestelako herritarrentzako; hori bai, pertsona kopurua kudeatzeko helburuarekin izena emateko epea zabaldu da. Prozesuan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena emango dute 943-36 30 40 (luzapena 509) telefono zenbakira deituta edo helbide elektroniko honetara idatzita: i.aldekoa@elhuyar.com. Plan Estrategiko hau gauzatzeko lehen fasean, abendura bitartean, herritar, aditu eta eragileek gaur egun Zumaia nola ikusten duten zehaztuko dutela esplikatu zuen Idoia Aldeko Elhuyar Aholkularitzako teknikariak. Gogoeta errazteko, lau lan arlotan banatuko dute eztabaida: lurralde antolamendua (hirigintza, etxebizitzak, obra publikoak...); garapen sozioekonomikoa (turismoa, enplegua, ekonomia...); zerbitzu eta ekipamenduak; eta elkarbizitza eta herrigintza (aniztasuna, berdintasuna, euskara...). Arlo bakoitzeko bi orduko saio bakarra egitekoak dira, baina garapen ekonomikoaren eta lurralde antolamenduaren kasuan, adituekin eta herritarrekin saio bana egingo dute.

Plan Estrategikoa 2015-2025. Bileren egutegia:

- Lurralde antolamendua (adituak). Urriak 21, 19:00-21:00. Arranpla gelan. - Garapen ekonomikoa (adituak). Urriak 28, 19:00-21:00. Arranpla gelan. - Garapen ekonomikoa (herritarrak). Azaroak 2, 19:00-21:00. Oxforden. - Zerbitzuak eta ekipamenduak (herritarrak+adituak). Azaroak 4, 19:00-21:00. Hogarrean. - Herrigintza eta elkarbizitza (herritarrak+adituak). Azaroak 9, 19:00-21:00. Hogarrean. - Lurralde-antolamendua (herritarrak). Azaroak 11, 19:00-21:00. Brankan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide