Harremanak estutzeko bidaia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko urr. 13a, 07:35

Une hunkigarriak bizi izan ziren igandean Basustako kanpinean egin zen bazkarian. (Juan Luis Romatet/Hitza) 1950eko eta 60eko hamarkadetan Extremadurako eta Espainiako beste hainbat txokotako milaka lagunek utzi zituzten beraien jaioterriak Euskal Herrira etorri eta ogibidea aurkitzeko. Behin erretiroa hartuta, hauetatik asko beraien etxeetara itzuli ziren; beste hainbat, berriz, hemen geratu dira, beraien adopzioko herrietan. Extremadurarekin zituzten harremanak, baina, ez dira inoiz hautsi, eta igande honetan aspaldiko hurbilenak izan dira, Badajozko Barcarrota herriko lagunek egindako bidaiari esker. Herri horretatik eta Badajoz probintziako beste herrietatik etorritako 90 lagun hurbildu ziren Zumaiara, beraien familiartekoek Euskal Herrian kokatzeko aukeratu zuten herria ezagutzeko eta haiekin, ordu batzuetan bazen ere, elkartzeko. Juanma Gonzalez Antunez Barcarrotako liburutegiko arduraduna dago bidaia honen atzean. Azaldu zuenez, urtero antolatzen dituzte kulturarekin lotutako bidaiak, eta aurten Euskal Herrira etortzea erabaki zuten. «Euskal kostaldeko hainbat herri bisitatu ditugu: Bilbo, Zarautz... Miarritzeraino ere heldu gara, baina hasiera-hasieratik garbi genuen bidaiako une bereziena Zumaiara egindako bisita izango zela, bagenekien eta hona etorritako lagunekin elkartuko ginela». Bidaiaren berria zabaldu zenetik, makina bat pertsonak azaldu zuen bazkarian parte hartzeko gogoa. Orain mende erdi etorritakoen oinordekoak inguratu ziren Basustako Kanpineko bazkarira. 140 lagun elkartu ziren. «80 eta 81 urteko lagunak ere baditugu bidaiarien artean. Erretiroa hartu zutenean Extremadurara itzuli ziren, baina berriro itzuli nahi izan dute hainbat urtez beraien herria izan dena berriro ikustera». Itzultzeko asmoa Zumaiako egonaldian une «oso hunkigarriak» bizi izan dituztela adierazi zuen Gonzalezek. «Harrera ezin hobea izan da. Autobusean gentozenean esan ziguten Euskal Herriari buruz telebistan esaten dutena ahazteko, beso-zabalik hartuko gintuztela. Eta espero baino hobea izan da. Ea itzuliko garen? Grabatzen ari zara, ezta? Ba ziur izan etorkizun batean itzuliko garela!».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide