Piztu fokuak, ireki teloia eta atera oholtzara. Asteburu honetan hasiko da 2015-2016 antzerki denboraldia. Urte bukaerara bitartean haurrentzako eta helduentzako launa antzezlan izango dira, urrian eta azaroan bana eta abenduan bina. Hasteko, asteburu honetan bi antzezlan eskainiko ditu Zumaiako Udalak: helduentzako
Gau arabiarra bihar, ostirala, eta haurrentzako
Txanogorritxo, igandean. Azken honek herritarrengan izan dezakeen arrakasta aurreikusita, bi saio antolatzea erabaki dute, gainera.
Euskal antzokietako oholtza gainean eta zinemako eta telebistako pantailetan sarritan ikusitako aktoreak ariko dira lanean bihar Aita Mari aretoan 22:00etatik aurrera,
Hika Teatroaren Gau arabiarra antzezlana aurkezten: Kandido Uranga zumaiarra, Ramon Agirre, Ainhoa Aierbe eta Martxelo Rubio, besteak beste.
Edukian eta forman magiaz beteriko istorioa da, eta errealismotik abiatzen da. Udako gau bero batean, eraikin batean topo egiten dute pertsonaiek. Laster, ordea, oroimena lanbrotzen duten amets, amesgaizto nahiz bien arteko nahasmenetik sor daitezkeen espazio eta istorio onirikoetara salto egingo dute.
Martxoan estrenatutako antzezlana da bihar Zumaian ikusi ahal izango dena. «Oso montaje zaila da, argiekin asko jokatzen duena. Bere berezitasuna da zuzeneko musika izango duela», azaldu du Miriam Romatet Zumaiako Kultura teknikariak. Izan ere, Iker Bergara
beatboxer-ak zuzenean antzezten duen giro soinua gakoa izango da kontakizun guztiak elkar josteko eta elikatzeko. «Oso lan berezia da, eta aipatu behar da Kandido Urangak sekulako lana egiten duela».
Antzezlan honetarako sarrerak aurrez salgai daude turismo bulegoan, 9 euroan. Gazte Txartela edo Aita Mari lagun izanda, sarrerak 6 euroan izango dira salgai.
Klasikoen egokitzapena
Igandean, berriz, haurrentzako antzezlan beraren bi saio eskainiko dituzte, eguerdiko 12:00etan lehena eta 16:30ean bigarrena. Estrenatu berria den
Glu Glu konpainiaren Txanogorritxo antzezlana aurkeztuko dute egun horretan. «Musika eta dantza uztartzen ditu saioak, eta haurrek eta gurasoek, denek pasatzen dute primeran».
Charles Perraultek jaso zuen ipuin klasikoaren moldaketa da Galder Perezek idatzi eta zuzendu duen antzezlan hau, gaur eguneratutako testu, forma, irudi eta edukiekin. Azpimarratzekoa da lanak izango duen ukitu musikala; dantzek eta abestiek Txanogorritxo lagunduko dute basoko bidean.
Sarrerak salgai daude turismo bulegoan, 3 euroan; 2 euroan Aita Mari lagun txartelarekin.
Urte amaierara bitartean beste sei saio izango dira. Helduekin hasita, azaroaren 13an
Huts Teatroak eta Artedramak elkarlanean sortutako Etxekoak antzezlana aurkeztuko dute. Lan honek harreman zuzena du Zumaiarekin, sormen prozesuaren zati bat Aita Mari aretoan gauzatu baitzen, Donostia 2016k abian jarritako egitasmo baten barruan. Luhuso herrian (Lapurdi) aurkeztuko dute, eta hurrengo saioa Zumaiakoa izango da.
Abenduaren 11n
Joseba Apaolazak eta Zuhaitz Gurrutxagak antzeztutako Kreditua taularatuko dute. «Antzezlan honek sekulako arrakasta izan du Katalunian, Galizian eta aurkeztu den beste lekuetan. Orain euskarara moldatu dute, eta barre egiteko aukera eskaintzen du». Abenduaren 18an, berriz, kabareta izango da protagonista
Caperucita feroz lanarekin.
Haurrentzat, azaroa musikaren hilabetea dela kontuan hartuta, 15ean
New Orleansko Cyrano izango da Zumaian. Abenduan, berriz,
Moby Dick hilaren 13an eta
OliverMagic Show magia saioa 29an.