'5x5' izena duen erakusketa bisitatu daiteke urriaren 12ra bitartean Alondegiko Oxford aretoan. Gai eta neurri jakin batzuekin burutu behar izan dituzte beraien artelanak.
Artelan batean, haren egileak gai edo proposamen baten inguruan duen ikuspuntua eskaintzen du. Baina, zer gertatzen da bost artistari gai horren inguruan beraien irudimena lanean jartzeko eskatzen zaienean? Eta gaia bakarra izan beharrean bost direnean? Ideia hau da Alondegiko Oxford aretoan ikus daitekeen 5x5 erakusketaren oinarria. Bosna artelan sortu dituzte Julian Egiguren, Anton Egiguren, Valentin Manterola, Irene Gutierrez eta Olatz Goiburu artistek urriaren 12ra bitartean bisitatu daitekeen erakusketa honetarako.Berez Julian Egigurenek bere lanak erakusteko gordeta zuen aretoa «Nahi izango banu, bost areto betetzeko adina lan baditut», baina, afaloste batean, ideia aldatu eta egitasmo kolektibo bat burutzeko asmoa sortu zen. «Elena Irureta, anaia Anton, Valentin eta laurok afaltzen ginen Txoaskina elkartean, eta erakusketa kolektiboa gauzatzeko asmoa atera zen. Irene Gutierrez ere tartean sartu genuen. Era horretan, parte hartzen dugun artiston adina zertxobait jaitsiko litzateke», dio umoretsu Julianek. Azkenean, hainbat konpromiso medio, Elenak erakusketan parte hartzeari uko egin zion, eta bere lekua Olatz Goiburuk hartu zuen. Legazpiarra jaiotzez, Zumaian bizi da Goiburu.
Neurri bat, bost gai
Behin parte-hartzaileen izenak erabakita, lanak egiteko zenbait baldintza jarri zituzten artista zumaiarrek: «Alde batetik, Elenak proposatu zuen neurria metro koadrokoa izatea, metro bat bider metro bat. Gaiak, berriz, libreak izan beharrean, derrigorrezkoak izango ziren, eta horren inguruan egingo ziren margoak. Gaiak nik aukeratu nituen: Zumaia; bodegoia; figura; paisaia (Zumaia izango ez zena); eta librea», zehaztu du. Hilabete inguruko epea izan dute bost artistek lan horiek egiteko. Dena dela, «Olatzek denbora gutxiago eduki du, proposamena martxan zegoenean sartu zelako».
Oxfordeko hormetan zintzilikatutako lanak ikusita, nabari da parte-hartzaileetako batzuk, Valentin Manterolak eta Anton Egigurenek bereziki, beren estiloak errespetatu dituztela beraien proposamenak gauzatzeko. Beste batzuk, Julian bera adibidez, jostagarriagoak azaldu dira. Artelan baterako, kaleko hormetan itsatsita zeuden publizitateko kartelak erabili ditu oinarri bezala.
Artelan erakusketa hori datorren astelehenera arte egongo da zabalik Oxford aretoan, egunero, arratsaldez 18:00etatik 20:00etara. Egigurenek azaldu duenez, datozen urteetan egitasmoa errepikatu nahiko luke, «artista berekin edo beste batzuekin».