Dunen eremua babesteko lanak bultzatu ditu udalak Santiagoko hondartzan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko ira. 10a, 00:00

Bi metro eta erdi inguruko zabalera duen bide bat prestatuko dute dunak babesteko, eta hesolekin eta sokekin mugatuko dute, Oier Korta Zumaiako alkateak azaldu duenez.Santiagoko dunak dira Zumaiako udalerrian dauden ekosistemen artean berezienetakoak e...

Bi metro eta erdi inguruko zabalera duen bide bat prestatuko dute dunak babesteko, eta hesolekin eta sokekin mugatuko dute, Oier Korta Zumaiako alkateak azaldu duenez.

Santiagoko dunak dira Zumaiako udalerrian dauden ekosistemen artean berezienetakoak eta, agian, gutxien ezagutzen direnetakoak. Euskal kostaldean nahiko urriak dira halako inguruneak eta, beraz, oso balioetsiak dira. Duna hauetan 50 landare espezie inguru sortzen dira; horrek garbi uzten du ekosistema honen garrantzia.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak 2012. urtean idatzitako txosten batean azpimarratzen zen Babes Bereziko Gune izendatutako eremu honek duen garrantzia. Hala, Gipuzkoako handienetakoa izateaz gain, Euskal Herrian mantentzen den duna sistema bakarretakoa dela zehazten du idatzi honek, Barbadunekoarekin, Zarauzkoarekin eta Gorlizekoarekin batera. Hori dela-eta, lehentasunezkoa jotzen zuen sistema hori babestea.

Duna hauek pairatzen duten arriskuen artean, haien gainetik paseatzen duen jende kopuru handia dago. Euskal Kostaldeko Geoparkeak orain denbora gutxi prestatutako fitxa batzuetan salatzen zuen duna hauen gainean, denborarekin, arautu gabeko bidexkak «izugarri ugaritu» zirela.

Arrisku horri irtenbide bat eman nahi zaio azken egunetan hasi diren lan batzuekin. Alde batetik, dunen artetik igarotzen diren bidexka horien guztien ordez, bi metro eta erdi inguruko ko zabalera izango duen bide bat prestatuko da. Hesolekin eta sokekin mugatuko da bidea, Oier Korta alkateak esan duenez.

Bigarren ariketa batean, menditik errepideko tunel ingurura erortzen den euri ura jasoko dute. «Zanga bat zabalduko dugu eta hodi bat sartuko da ura jasotzeko. Hodia Jadarreko hormatik kendutako harriekin estaliko da, dragatzeko, eta gainean hondarra botako zaio. Hodi horrek irteera txiki batzuk izango ditu eta, hala, luzera guztian ur garbi hori botatzen joango da, dunara zuzenean bota beharrean», deskribatu du alkateak.

Lanak dagoeneko hasita daude. «Gure asmoa hilaren 15era arte zain egotekoa zen, hondartza denboraldia bukatu arte, baina esan ziguten urte amaiera baino lehen bukatu behar zirela lanak eta egun horretaraino zain egonda agian ez zela posible izango. Baldintza bat jarri diegu, eta da harrien garraiatzea 10:00ak baino lehen egin behar dela», zehaztu du Kortak.

Santiagorako plana

Santiago hondartza bere onera ekartzeko orain legealdi batzuk idatzitako planak oraindik Espainiako Ingurumen Ministerioan trabatuta jarraitzen duela baieztatu du Oier Kortak. «Bilera bat eduki dut uztailean Donostian, eta hauteskunde orokorrak izan baino lehen beste bilera bat eduki nahiko nuke Madrilen. Horretan gabiltza, bilera hori lotu nahian».

Aldaketa batzuk izango dituen plan honek arrapala bat egitea planteatzen du gaur egun hondartzara jaisteko eskailerak dauden lekuan. Behin azpiegitura hori eraikita, paduraren albotik doan bidexka itxi eta ingurunea bere berezko egoerara itzuliko litzateke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide