Gaur, astelehena, berriro bilduko dira Azkoitian errefuxiatuen gaia lantzen jarraitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko ira. 7a, 12:38

Pasa den ostiralean, irailak 4, elkarretaratzea egin zuten eliz atarian Pasa den ostiralean, irailak 4, elkarretaratzea egin zuen Azkoitiko herritar talde batek "Gerrako iheslariei elkartasuna" lelopean. Azken asteetan albiste diren errefuxiatuei elkartasuna adieraztea zuten helburu eta talde gisa egin dezaketenaz hitz egin zuten bertan. Testu bat irakurri zuten bertan eta, gaur, astelehena, berriro elkartzeko asmoa dute Azkoitiko Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan. Bilera irekia izango da eta bertan gai honen inguruan eman nahi diren hurrengo urratsak aztertuko dira. Hona hemen ostiraleko elkarretaratzean herritar batek irakurritako testua: Elkartasuna adierazi nahi diogu beraien herria uztera behartuta dauden milaka personei. Ez dugu ahaztu behar azken lau urtetan gerra jasaten ari diren herritarrak direla. Gerra  horren testuinguruaren gaineko zalantza haundiak ditugu, izan ere, komunikabidetan Bashar al Assaden erregimena aipatzen digute, baina guzti horren atzean dauden interesak mendebaldeko herri aberatsetan kokatzen ditugu. Mundu mailako sistema kapitalistak jartzen ditu joku arauak, eta  horien arabera erabakitzen da non eta noiz sortu gerrak. Amerikako Estatu Batuek eta Europar Batasunak inplikazio zuzena dute gerra horietan. Siria duela lau urte “udaberri arabiarra” bezala ezagutu zen mugimenduan murgildutako herrialdetako bat zen, beraien eskubide sozialen aldeko mugimenduan murgildutako herrialdea, FMIarekin eta Munduko bankukarekin diru-zorrik ez zuena, elikagai transgenikoak debekatuta zituena,  estatu laikoa eta sionismoaren interesei erantzuten ez ziena. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak gerra horren interesen inguruan. Gerra urruti egon den bitartean ordea, Europak beste aldera begiratu du, baina orain iheslariak masiboki datozenean alarma guztiak piztu dira. Pertsona hauek hartzeko zenbakiak eta kupoak  negoziatzen ari dira, eta bitartean egoera negargarrian daude milaka persona. Hildako umeen irudiak erakutsi dizkigute, baina Siriako Giza Eskubideen behatokiak uztailean emandako datuen arabera 11.000 ume  hil dira gatazka hasi zenetik. 7 milioi desplazatu, 4 miloi errefuxiatu eta 300.000 hildako dira Europa eskandalizatzen hasteko behar izan dien zifrak. Horregatik, geure txikitik, Azkoitiko Udalak gai honen inguruko lanketa egin eta babes herrien sarean sartzeko ahalegina egin beharko lukeela uste dugu, eta herritar talde bat udalera zuzenduko gara hau eskatzera. Inguruko beste herrietako udalekin eta eragileekin elkarlanean aritu beharko dugu, eta konpetentzia Espainiko gobernuari dagokionez, errefuxiatuak hartzeko aukeren inguruko gestioak egin beharko dira. Konponbidea ez dago hesietan, konponbidea persona hauei bizimodu duina ematean dago, eta ahalik eta azkarren beraien herrietara itzultzeko baldintzak izan ditzaten lan egitean. Hori lortu bitartean, behar duten laguntza emateko beharrezkoa izango da elkartasun sareak antolatzea, eta Azkoitian ere prest egon beharko dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide