Euskal Jai Eguna ostiralean egingo dute Zumaian (Juan Luis Romatet)
Azkar datoz aurten Euskal Jaiak Zumaiara. Ostiral honetan, abuztuaren 7an, izango da berriro baserritarrez janzteko aukera. Gona eta zapiak batzuek, txapela eta alkandora besteek. Denak prest goizaldera arte iraungo duen festa egunaz gozatzeko.
Goiz partean Foruen Enparantzan eta Alde Zaharreko kale eta kalestuetan izango da giroa nagusiki. Hala, goizeko 10:00etan zabalduko dituzte baserriko gaien azoka eta haur eta gaztetxoei zuzendutako tailerrak. Azokan 28 ekoizle bilduko dira, eta salgai jarriko dituzten gaien artean elikagaiak eta baserriko eta artisautzako produktuak daude. Ohi bezala, ardiei ilea mozteko saioek ere edukiko dute tartea Komentuko atarian. Tailerrei dagokionez, lau izango dira aurten: gozogintzakoa, kandelak egitekoa, otargintzakoa eta euskal ikurrena.
Musikarik ez da faltako lehen ordutik. Hala, Dzipo taldeak txalaparta doinuak ekarriko ditu, Hala Gera taldeak alboka eta dultzainena, eta Maitane eta Alaitzek, berriz, trikitixakoa.
11:30ean salda banatuko dute Upela plazan eta, ondoren, 12:00etan Kofradian eta 12:30ean udaletxean, balkoitik balkoirako bertso saio bana izango dira Xebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariekin.
Tabernaz taberna eztarria buzti ondoren, herri bazkariaren txanda helduko da. 14:30ean hasiko da, Eusebio Gurrutxaga plazan. Menua ohikoa izango da: paella, sagardoa, euskal pastela eta kafea. Bazkarirako txartelak salgai daude turismo bulegoan, 8 euroan; 4 euro kostako da haurren kasuan.
Bazkalostean euskal kanten saioaren txanda izango da karpan bertan Joxe Mendizabalekin. 18:30ean bigarren saio bat eskainiko du musikariak, kasu honetan, Alondegi aurrean. Musikarekin jarraituta, 19:00etan, eta Zumaiako Musika Jaialdiaren barruan, Euskorleans izeneko taldeak jazz musikaz blai betetako kalejira egingo du.
Arratsaldean ere ez da faltako euskal girorik. 18:00etan Maddalen eta Jagobarekin erromeria izango da plazan. Ordubete beranduago, 19:00etan, sagardo dastatzea egingo dute plazan. Hamar sagardo ekoizleren ardoak edateko aukera egongo da.
Sabelean oinarria egiteko zer hobeto talo bero bat jatea baino. Erkibe taldeko kideak izango dira taloak prestatzen eta saltzen.
Gauera salto eginda, 23:00etatik aurrera, erromeria izango da Kofradiako plazatxoan Bide Batez taldearekin. Goizaldera bitartean gertatzen dena edo ez dena, beste kontu bat da.