Klarinete laukotearekin hasiko da gaur Zumaiako Musika Jaialdia (Juan Luis Romatet)
Lau musikari gazteren klarinete doinuek emango diote gaur (uztailak 31) hasiera
Zumaiako Musika Jaialdiari. Zumaiako Udalak antolatzen du, Musika Patronatuko kideen laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesean. Aurten abuztuaren 12ra bitartean iraungo du eta, azken urteetako dinamikari jarraituta, ez dira faltako musika, dantza, zinema eta antzerki saioak herriko hainbat txokotan.
Musika klasikoaren erakusleiho bezala sortu zen jaialdiak aldaketak izan ditu azken urteotan publiko zabalago batera heldu nahian. Hala, musika klasikoaren oinarria mantentzen badu ere, jazzari, euskal musikari eta gospelari ere tartea zabaldu diote egitarauan.
Klarinete laukote baten emanaldiarekin hasiko da gaur, uztailak 31, 2015eko Musika Jaialdia. Hain zuzen, talde horrek azaroan egin zen Klarinete Maratoian laukoteen lehiaketa irabazi zuen. Kontzertua gaur 20:00etan izango da. Taldea osatzen dute bi zumaiarrek (Peru Tolosak eta Malen Trenadok), durangar batek (Leire Rodriguezek) eta azpeitiar batek (Jon Irigoienek). Maratoiko lehiaketan parte hartzeko elkartu ziren lehen aldiz eta, aurkari gogorrak izan bazituzten ere, irabazle suertatzeko maisutasuna erakutsi zuten. Diru kopuru batez gain, Musika Jaialdia zabaltzeko ohorea izan zen jaso zuten saria.
Zumaiar ugari
Tolosa eta Trenado ez dira izango jaialdiko zumaiar bakarrak. Ohikoa den bezala,
San Pedro Abesbatzak kontzertu bat eskainiko du (abuztuak 2, parrokian). Amaia Aldalurrek zuzentzen duen taldeak zabaldu izan du jaialdia aurreko urteetan, baina aurten igandeko data gorde zaie.
Errenteriako Landarbaso abesbatza ospetsuarekin harreman estua du Zumaiako koro honek, eta parrokiko emanaldian saio bateratu bat eskainiko dute.
San Pedro Abesbatzak obra bat estreinatuko du igandeko saioan:
Que el amanecer... Hitzak Antxon Gonzalez Gabarain zenak idatzitako
El Gran Caminante liburutik aterata daude, eta musika, berriz, Iker Gonzalez CobeagaSan Pedroko kideak konposatu du.
Gonzalez bera izango da abuztuaren 10eko protagonista,
Paperetik soinuen mundura izeneko hitzaldia eskainiko baitu.
Beste bi herritar ere partaide izango dira aurtengoan: Telmo Egañak Baionako
Choeur Go Swing gospel taldean abesten du, eta Jaiotz Osa dantzaria Lasala dantza konpainiarekin arituko da
Hooked ikuskizunean.
Sarrerak eta Hamabostaldia
Musika Jaialdiko ia emanaldi guztiak doakoak izango dira. Abuztuaren 3rako, astelehenerako, antolatutako haurrentzako
Barrokino ikuskizunak bakarrik izango du sarrera, 2 eurokoa. Dagoeneko salgai daude turismo bulegoan.
Donostiako Musika Hamabostaldiak urteroko konfiantza mantentzen du. Aurten, elkarlanean,
Cuarteto Breton soka laukotearen kontzertua izango da Maria eta Jose ikastetxeko aretoan.
ZUMAIAKO MUSIKA JAIALDIA. EGITARAUA
Uztailak 31, ostirala. 20:00etan Mari kalean Klarinete maratoiko laukotea.
Abuztuak 2, igandea. 20:00etan Parrokian San Pedro eta Landarbaso abesbatzak.
Abuztuak 3, astelehena. 19:00. Aita Marin haurrentzat ikuskizuna, Teatro Paraiso:
Barrokino .
Abuztuak 4, asteartea. 20:00. Aita Marin piano kontzertua: Johann Sebastian Jazz, Iñaki Salvador eta Itziar Barredo.
Abuztuak 5, asteazkena. 20:00. Mari kalean G. Mendizabal - A. Furundarena:
Arnasak.
Abuztuak 6, osteguna. 20:00. Komentuan musika barrokoa:
El canto de Orfeo.
Abuztuak 7, ostirala. 19:00. Kalejiran Euskorleans taldea.
Abuztuak 8, larunbata. 20:00. Komentuan Baionatik Gospela: Choeur Go Swing.
Abuztuak 9, igandea. 20:00. Maria eta Josen Cuarteto Breton Soka laukote klasikoa. Donostiako Musika Hamabostaldiarekin lankidetzan.
Abuztuak 10, astelehena. 20:00. Alondegian hitzaldia Iker Gonzalez:
Paperetatik soinuen mundura.
Abuztuak 11, asteartea. 20:00. Odietan dantza: Organik-
Carneros eta Lasala -
Hooked .
Abuztuak 12, asteazkena. 22:30. Mari kalean musika eta zinema: Javi Perez de Azpeitia eta
Ostren Printzesa /
Die Austerprinzessin (Ernst Lubitsch).