Azkoitiko Gerdau enpresan pairatzen duten "xantaia" salatu dute ELA eta LAB sindikatuek

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko uzt. 22a, 17:04

ELA eta LAB sindikatuek salatu dute Azkoitiko Gerdau empresako zuzendaritzaren eskutik "xantaia eta presio gogorra" pairatzen ari direla. Enpresa hitzarmena berritzeko negoziazioen prozesuaren barruan lotu dute enpresaren jarrera sindikatuek. Hala, salatu dute "enpresa hitzarmena ez aplikatuz langileen baldintzak nahieran errotik aldatzea". "Apirila aldera hasi ziren negoziazioak, eta zuzendaritzak lehenengo egunetik ez du jarrerarik aldatu: %10eko soldata jaitsiera, urteko lanaldia 48 ordu igotzea, antzinatasuna izoztea, malgutasun handiagoa, bajen konplementuaren jaitsiera eta Mutuen erreformaren erabilpena egiteko asmoa du". Gogor salatu dute sindikatuek jarrera hau. Baldintza horietan eta lau bilera egin ondoren, aurreko hilean aldeak urrun zeuden oraindik, eta uztailaren 31 baino lehen akordioa lortzen ez bazen, "neurri latz eta drastikoak hartzeko mehatxu garbia egin zuen zuzendaritzak". Hala, hilaren 9an "langileen baldintzak aldatzea bilatzen duen prozedimentu bat martxan jarri du enpresak, eta berritzeko dagoen enpresa hitzarmena inaplikatu nahi du".

Aldaketa handiak

Bi sindikatuak kexu dira zuzendaritzak aldaketa handiak egin nahi dituetako: "Asmoa azaldu dute soldatak %12 jaisteko, 80 ordu gehiagoko lanaldia ezartzeko, malgutasun handiagoa eskatzeko, eta antzinatasuna, jai egunen plusa eta autobus zerbitzua kentzeko". Sindikatuaren iritziz enpresaren helburua da langileak "beldurtu, presionatu eta enpresaren hasierako proposamena onartzera behartzea". Enpresak langileak "zenbaki soiltzat" hartzeaz gain, "esklabu gisa" nahi dituela gaineratzen dute. COO, UGT eta LSB sindikatuek negoziazio prozesuan erakutsi duten jarrera ere gogor salatu dute ELAk eta LABek. "Langileen ordezkari izatetik zuzendaritzaren txotxongilo izatera pasatu dira".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide