Taosaren artean igerian

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko uzt. 9a, 05:35

Hogei bat lagunek osatzen dute aurten Zumaian sortu den Taosa igeriketa taldea. Azken asteotan zenbait itsas zeharkalditan hartu dute parte, emaitza onekin.

Taosa igeriketa taldeko kide batzuk. Kostako herri bat izanda, zumaiarren gehiengo handi batek hondartzetan edo errioan ikasi du igerian, eta Arranpla parean egin dituzte lehen zeharkaldiak, Urola ibaiaren ertz batetik bestera igerian pasata. Beste mota bateko zeharkaldiak egiten dituzte Taosa igeriketa taldeko kideek. Aurten sortu dute elkartea, eta hogei bat lagunek osatzen dute une honetan. Azken aste hauetan Bizkaian eta Gipuzkoan egin dituzten hainbat itsas zeharkalditan hartu dute parte, emaitza onekin, gainera. Azken urte hauetan igeriketak indar handia hartu du Zumaian, eta gero eta gehiago dira Lubaki kiroldegiko ikastaroetara hurreratzen diren bizilagunak. «Jendeak beti egin du igerian Zumaian, baina, igerilekua dugunetik, asko dira kirol jarduera hori egitera etortzen diren herritarrak», dio Antxon Alberdik. Kirol Patronatuko gerentea eta Taosa igeriketa taldeko kidea da. Zentzu horretan, itsas zeharkaldiak burutzen dituzten lagunen teknika eta entrenamenduak hobetu nahian, talde bat eratu zen iaz, eta lehen neurrietako bat entrenatzaile bat kontratatzea izan zen. «Hasiera hartan Triatloi Taldearen barruan antolatu zen, baina etorkizunera begira muga batzuk ikusten ziren, eta igeriketa talde bat sortu behar zela ikusi zen». Hala eman zituen lehen pausoak Taosak (lanbroa izendatzeko Zumaiako hitza). «Elkartea legeztatuta dago, baina oraindik azken tramiteak betetzea falta zaio». Une honetan itsas zeharkaldiak egiten dituzten igerilari helduei zuzenduta dago bere jarduera, baina etorkizun batean haurrekin lan egitea ez dute alde batera uzten. «Garbi utzi nahi duguna da Taosa ez dela igerian ikasteko talde bat. Zerbitzu hori dagoeneko kiroldegian eskaintzen dute. Taldean parte hartzeko gutxieneko maila bat eskatzen dugu. Ez da gure helburua Zumaiako igerilari denak geurera inguratzea, baina bai jakin dezatela aukera hori hor dagoela». Neguko lan gogorra Uda garaian itsasoan egiten diren zeharkaldietan gozatzen dute gehien igerilari hauek. Baina, behar bezala prestatuta egoteko, neguan lana gogor egin behar da igerilekuan. «Aurten Jon Unanue eta Ainhoa Murua kontratatu ditugu. Entrenamenduak norberak nahi dituen moduan planifikatzen ditu, baina modu serio batean hartuta, azkenean bere fruituak ematen ditu», gaineratu du Alberdik. Hala ikusi da udaberritik hona egin dituzten zeharkaldietan. Erronkak ere ez dira falta izan: Imanol Badiola, Mikel Mangas, Alex Epelde eta Rafa Zubeldia azpeitiarrek, Gibraltarko itsasadarra zeharkatu zuten udaberri honetan (Taosako kideak dira aurreneko hirurak). Beste proba batzuetan ere parte hartu dute Taosakoek. Adibidez, gero eta sona gehiago hartzen ari den Deba-Zumaia zeharkaldian. «Itsasoa oso egoera txarrean zegoen, eta batzuek bide osoa egin zuten, baina beste batzuek itsasontzira igo eta berriro salto egin zuten, eta mareatuta erretiratu zirenak ere egon ziren». Azken aste hauetan hiru zeharkalditan hartu dute parte taldekideek: San Pedro garaian, Bermeo-Mundakan eta Santurtzi-Bilbo probetan (13,5 kilometrokoa azken hau), eta pasa den asteburuan Deban. «Taldekoez gain, Zumaiako igerilari asko izan ziren bertan». Hurrengo erronka uztailaren 26ko Getaria-Zarautz zeharkaldian parte hartzea izango dute. «Gipuzkoarrontzat eta ingurukoentzat erreferentea da, Behobia-Donostia eta Quebrantahuesos bezala. Taldekide gehienok eta zumaiar asko izango dira bertan, ziur aski».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide