Mexikoko kultura berriro Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko uzt. 2a, 00:00

Jazmin de la Rocha abeslari gonbidatua duen Alma de Tapatia mariatxi taldeak rantxera eta korridoz betetako 'callejonada' eta kontzertua eskainiko ditu larunbat honetan.Eibartarrek Zumaiako udatiarren ehuneko handi bat osatzen zuten garai hartan, Etxe ...

Jazmin de la Rocha abeslari gonbidatua duen Alma de Tapatia mariatxi taldeak rantxera eta korridoz betetako 'callejonada' eta kontzertua eskainiko ditu larunbat honetan.

Eibartarrek Zumaiako udatiarren ehuneko handi bat osatzen zuten garai hartan, Etxe Ona jatetxeko gauetan Mexikoko giroa zuten kontzertuak izaten ziren udaro. Jatetxe hori aspaldi desagertu zen, baina rantxeren zaletasunak bere-berean jarraitzen du, eta larunbat honetan gogo hori asetzeko aukera izango da Alma de Tapatia mariatxi taldearen ekitaldiekin: 19:30ean kalejira edo callejonada izango da, eta 22:30etik aurrera kontzertua Eusebio Gurrutxaga plazan.

Hamabi lagunez osatuta dago taldea, eta bisitaldi honetan gonbidatu berezi bat ekarri dute Jazmin de la Rocha La gallera abeslaria. A tempo Espectaculos etxeak ekarri ditu Euskal Herrira eta hamabost hilabetez izango dira gurean: «Mexikoko musika erakusteko. Gehienbat Euskal Herrian joko dugu. Espainian ere aurkezpen batzuk egingo ditugu, eta Europako beste nonbaiten jotzeko aukera sortzen bada, gustura joango gara», dio Martin Enrique Guzman taldekideak. Harekin ziren Sebastian Gonzalez taldekidea eta Jazmin de la Rocha abeslari gonbidatua.

Taldea 2011. urtean sortu zuten Guadalajaran. «Guadalajaran bada perla bat Tapatia izena duena eta tapatios bezala ezagutzen gaituzte bertako guztioi. Hortik dator Alma de Tapatia izena». Lau urte hauetan Mexikoko mendebaldeko estatuetan jo dute bereziki. «2011. urteko Joko Panamerikarretan mariatxi ofiziala izan ginen. Guretzat oso garrantzitsua izan zen urte horretan bertan hasi ginen-eta. Degolladon antzokian jotzeko ohorea ere izan dugu. Guadalajarako antzoki handiena da, eta Mexiko osoko garrantzitsuenetakoa. Mexikoko mariatxi onena den Mariachi Vargas de Tecalitlán taldearekin ere jo dugu eta baita Mariachi de America taldearekin ere. Rocio Durcalen talde laguntzailea izan zen azken hau. Guretzako ohore bat da orain Euskal Herrian izatea eta egunotan Zumaian bizitzea. Benetan leku ederra da, eta herriaz maitemintzen ari gara».

Alma de Tapatia mariatxia osatzen duten musikarientzat Europan joko duten lehen aldia da. Jazmin de la Rochak, baina, aurretik bere artea erakutsi du Mexikotik kanpo. «Fiturren egon nintzen aurretik eta han ere besozabalik hartu gintuzten. Balin (Indonesia) ere egon nintzen behin Mexikoren ordezkari bezala Nazio Batuen bidaia batean, mariatxia gizon-emakume guztien ondare bezala izendatu zutenean». Zoragarria izan zela esan du La Gallerak.

Euskaldunek musika hau zergatik maitatzen duten azaltzen duen teoria bat badu de la Rochak: «Nik uste urrezko mexikar zinemako filmagatik dela. Horregatik ezagutzen gaituzte hainbeste, eta maite dute mexikar musika, mariatxien tradizioa eta baita ere gure kirol nazionala: charreria».

Larunbateko saioan ez dira hain ohikoak diren rantxerak faltako. «Mexikoko musikaren bilduma bat ekarriko dugu Euskal Herria pozteko eta euskal jendea dantzan jartzeko. Informazio gehiegi ez ematea da onena. Jendea aho zapore on batekin utzi nahi dugu, Euskal Herrian egingo ditugun beste aurkezpenetan gu jarraitzeko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide