Astean zehar hainbat ekitaldi izango dira Nagusien Astearen barruan, garrantzitsuena igandean egingo den omenaldia: 89 urte beteko dituzten 24 herritar omenduko dituzte.
89 urteak beteta, edo aurten beteko dituzten zumaiarrak omenduko dituzte igande honetan Eusebio Gurrutxaga plazako Gizarte Zentroan. 24 izango dira merezitako omenaldi hori jasoko duten herritarrak. Lore-sorta, opari txiki bat eta olerki bat jasotzen duen diploma bana jasoko dituzte omenduek. «Olerki hori Beheko Plaza abesbatzak kantatuko du ekitaldiaren hasieran», argitu du Mari Carmen Eizagirre Beheko Plaza elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak. Omenaldi hori aste honetan hasi den Nagusien Asteko ekitaldi garrantzitsuena izango da, eta Eizagirre eta zuzendaritzako kide Antonio Huertos buru-belarri zebiltzan atzo bulegoan, Nagusien Asteko ñabardura guztiak lotzen.Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Nagusien Mahaiak urtero antolatzen duten egitasmoa atzo bertan hasi zen pelikula baten emanaldiarekin eta ondorengo debatearekin. Ostiral arratsaldean jokoen sari-banaketa egingo dute: toka, igela, billarra... «Beste joko batzuk antolatzen saiatu gara, baina parte-hartzea uste baino txikiagoa izan da, eta azkenean ez dira atera», esan du damututa Eizagirrek. Sari banaketaren ondoren, errioxar erara prestatutako patatak jateko aukera izango dute Gizarte Zentrora bertaratzen direnek. Ekitaldiek datozen egunotan jarrituko dute adinekoen zentroetan.
Milatik gora bazkide
Gaur egun 1.100 bazkide inguru ditu Zumaiako nagusiak biltzen dituen Beheko Plaza elkarteak. «Urteko sei euroko kuota ordaintzen da, eta ekitaldi batzuk antolatzeko baliagarria izaten zaigu: errioxar erarako patatak, Santa Luzia eguneko txokolate-jana, San Sebastian eguneko txistorra-jana...». Bazkide kopurua handia bada ere, Zentroan (edo Hogarrean, herri mailan ezagutzen den bezala) mugimendua asko jaitsi dela diote batzordeko kide hauek. «Zumaiakoa izan zen eskualdean zabaldu zen lehen hogarra, eta beste herrietako jendea etortzen zen. Gure gurasoentzako etxea bezala zen. Lehen ez zegoen tabernetara joateko ohiturarik, eta hona etortzen ziren arratsaldea pasatzera eta jokoan egitera. Orain hainbat tabernatan ikus ditzakezu talde handiak jokoan; hona emakumeak etortzen dira gehien», esan du Eizagirrek hasperen batekin.
«Laguntzeko asmoarekin eta hogarrean sinesten» zutelako sartu ziren bera eta beste kide batzuk batzordean. «Orain inork ez du sartu nahi». Interes falta hori, baina, ez da sumatzen Beheko Plazak antolatzen dituen bidaietan. «Astelehen goizean zabaldu izen-ematea, eta eguerdirako ia beteta egoten da autobusa». Urtean zehar zenbait bidaia antolatzen dituzte. Azkenaldian Portugalen eta Suitzako Alpeetan izan dira herriko nagusiak. «Udazkenean Gandiara joango gara. Hotela hartzen dugu han, eta batzuk paseoan ibiltzen dira, beste batzuk inguruko herriak ezagutzera joaten dira. Hau erlaxatzeko bidaia da; besteak, jende gogotsuagoari zuzenduta daude».
Argi dago oraingo adineko jendeak aurreko belaunaldietakoekin alderatuta ez duela zerikusirik. Egungo nagusiak geldirik egotera ohituta ez dauden pertsona gogotsuak dira. Horren erakusgarri da asteazken goizero plazatik abiatuta ibiltzera ateratzen den taldea. Gizarte Zerbitzuek eta Nagusien Mahaiak orain bizpahiru urte sortu zuten Tipi Tapa taldea, herrian zehar egiten diren ibilaldien bidez pertsona hauen osasuna hobetzeko baliagarria zelakoan. «Kostatu zen martxan jartzea. Orain jende kopuru polita ibiltzen da, argazkian ikus daitekeen bezala, baina hasiera hartan monitore gehiago zeuden ibiltariak baino».