Oikiako eskola berria eraikiko duten lursaila (Gorka Zabaleta)
Oikiako eskola berria gero eta hurbilago dago. Tramite batzuk betetzeko faltan (jabetza-erregistroan aurkeztea falta da), Zumaiako Udala eraikina egingo den lursailaren jabe da dagoeneko. Orube hori jarraian Eusko Jaurlaritzari lagako dio, eta bera izango da eskola berria eraikiko duena. Lagapen honekin, eta eraikin berria egitea faltan, zortzi urte luze iraun dituen prozesua bukatutzat emango da.
Bere garaian, Oikiako guraso elkarteko kideak eta eskolako zuzendaritzak udalera jo zuten Oikiako eskolak zuen egoeraren berri emateko. Eraikin zaharrak irisgarritasun eta segurtasun arazoak zituen, besteak beste, eta udala Eusko Jaurlaritzarekin jarri zen harremanetan eskola berria eraikitzeko beharrezkoak ziren pausoak emateko.
Jaurlaritzak ingurune horretan lursail bat izatea eskatu zion udalari. Udalak inguru horretan bazuen orube bat, baina ez zen beharrezko tamainara heltzen; 3.000 metro koadrokoa behar zen, eta erdia ingurukoa zen udalarena. Eremu propiorik ezean, baldintzak betetzen zituen sail baten bila hasi ziren. Auzoan bertan arauak betetzen zituen lurra topatu zuten, 039-13 lursaila, hain zuzen, 4.235 metro koadrokoa. Haren jabearekin 2010eko maiatzean lursailak trukatzeko permuta sinatu zuen udalak. Akordioaren arabera, udalak jakitera eman duenez, beste lur eremu batekin ordainduko zitzaion, eta udalaren lurra txikiagoa zenez, falta zen zatia dirutan ordainduko zion.
Tramite amaitezinak
Kokapena erabakita eta jabearekin aurreakordioa sinatuta, arau subsidiarioak aldatzeko tramiteak hasi ziren, lursail horrek ez zuelako eskola eraikitzeko behar zen kalifikaziorik. 2014ko hasieran jaso zen administrazioen oniritzia. Horrekin batera lur neurketa egin zen, eta ondorioztatu zen lursaila uste baino zertxobait txikiagoa zela. Horrek, sinatutako aurreakordioa aldatu eta egokitzera behartu zituen. Ustekabe gehiago ere egon zen. Izan ere, orubearen jabea hil egin zen, eta udala bere oinordekoekin bildu zen eskola eraikitzeko arazorik egon ez zedin eta eman beharreko pausoak finkatutako epeetan emateko.
Pasa den astetik udalak lur-sail horren notario-eskritura du eta jabetza-erregistrora eramatea falta zaio haren jabe dela ziurtatzeko. Horren ostean, Zumaiako Udalak Jaurlaritzari jakinaraziko dio tramite guztiak burutu direla, eta eskola eraikitzeko lagapena egiteko prest dagoela. Ondoren, Jaurlaritzak erabaki beharko du etorkizunean zer pauso emango dituen eta eskola egiteko epeak edo konpromisoa zein den. Udalak jakin duenez, Jaurlaritzak 2017. urtean du planifikatuta eskola berriko lanekin hastea.