Ezagutzatik dibulgaziora

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko eka. 10a, 00:00

Aste honetan Zumaian dira 150 aditu, Espainiako Geologia Elkarteko (SGE) Ondare Geologikoaren Batzordearen XI. Biltzarrean parte hartzen; bi urtean behin antolatzen duteLehen ikastaro trinkoak eta saioak goizean izan baziren ere, atzo arratsaldean egin...

Aste honetan Zumaian dira 150 aditu, Espainiako Geologia Elkarteko (SGE) Ondare Geologikoaren Batzordearen XI. Biltzarrean parte hartzen; bi urtean behin antolatzen dute

Lehen ikastaro trinkoak eta saioak goizean izan baziren ere, atzo arratsaldean egin zen Espainiako Geologia Elkarteak (SGE) bi urtean behin antolatzen duen Ondare Geologikoaren Batzordearen Biltzarra zabaltzeko ekitaldia. Aurten hamaikagarren urtea du, eta Espainiatik, Portugaldik eta Hego Ameriketatik etorritako 150 aditu bilduko ditu biltzarrak aste honetan. 91 lan aurkeztuko dituzte: 22 ahozkoak izango dira, 65 posterrak eta beste lau ikus-entzunezkoak. Aurkezpenean hizlari izan zen Angel Garcia-Corte Geologia eta Meatze Institutuko ordezkariak aurreratu duenez, orain bi urte egindako biltzarrean baino % 40 lan gehiago aurkeztuko dira. «Horrekin agerian geratzen da zientzia komunitateak bizi duen une osasuntsua. Parte hartze honek izango du eragina ezagueraren hazkundean».

Atzoko ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi; Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatu Jon Peli Uriguen; SGEko presidente Marcos Aurell; eta Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako jarduneko alkateak izan ziren.

Hizlari denek izan zuten ahotan euskal kostaldeko zati honen garrantzia geologikoa. Uriguenek Geoparkea eta Zumaia-Deba Biotopoaren garrantzia azpimarratu zuen: «Turismoa eta kultura zientziarekin uztartzen du; hor dago ardatza».

Biltzarrean hainbat hitzaldi, ikastaro eta irteera izango dira. Aurell-en esanetan, ezagutza zientifikoaren eta jendarteratzearen artean zubiak eraikitzea izango dute lan, «elkar aberasteko eta ondare geologikoa publiko zabal bati hurreratzeko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide