Ostalariek eta bertako ekoizleek elkar ezagutzeko aukera izan dute

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko eka. 9a, 00:00

Urola bailaran egiten den Urola Gustagarri egitasmoa aurkeztu zitzaien Slow Astearen barruan antolatutako ekitaldira inguratu ziren Zumaiako ostalariei«Eskualde honek sekulako potentziala du, eta egitasmo honen bitartez lehen eta hirugarren sektoreak,...

Urola bailaran egiten den Urola Gustagarri egitasmoa aurkeztu zitzaien Slow Astearen barruan antolatutako ekitaldira inguratu ziren Zumaiako ostalariei

«Eskualde honek sekulako potentziala du, eta egitasmo honen bitartez lehen eta hirugarren sektoreak, ekoizleak eta ostalariak, lotu nahi ditugu» esanez aurkeztu zuen Jexux Mujika Iraurgi Berritzen erakundeko turismo zuzendariak, Urola Gustagarri egitasmoa. Iraurgi Berritzen-ek eta Urkomek antolatzen dituzten jardunaldi hauen aurkezpena pasa den astean egin zuten Foronda kultur etxean, Zumaian, bertakoa Slow Astearen barruan antolatu zen ekoizle eta ostalarien arteko topaketan.

Ekitaldiaren hasieran erakutsi zen bideo batean agertzen zen traineruarekin alderatu zuen topaketa hau bere moderatzaileak. «Ontzira hainbat ekintzaile eta erakunde igo dira eskualdeko turismoa eta gastronomia lotzeko». Bi jarduera hauek, gastronomia eta turismoa, ardatz dituen proiektua da Urola Gustagarri. 2014. urtean jarri zen abian Urola Erdian, eta denbora honetan hiru saio egin ditu eta beste bi jardunaldi ere antolatu dira.

Hilabete eta bi hilabete arteko iraupena duten jardunaldiak dira, udaberrian eta udazkenean antolatzen dira, eta bakoitzean bi produktu izaten dira hizpide. «Bertako produktuekin prestatutako menuak eskaintzen dira jatetxeetan, eta bisita gidatuak ere antolatzen dira: baserrietara, eskualdean dagoen sagardotegi batera, etab. Produktuaren sorreratik platerera heltzen den arteko prozesua jasotzen da».

Antolatzaileek ekimena kostara zabaltzeko borondatea erakutsi dute. «Zumaiarekin lotura handia dugu, Urolaren bailaran gaude-eta. Udazkenean izango da laugarren saioa, eta gustukoa izango genuke Zumaiako jendea tartean sartzea».

Santa Klara baserriak hartu zuen parte azken egitasmoan, eta Beheko Plaza jatetxeak ere badu horretarako asmoa. «Udaberrikoan egoteko asmoa genuen, baina Aste Santuak tokatu ziren, eta ezin izan genuen; udazkenean egongo gara; bertako produktuak erabiltzeko dinamikan sartuta gaude», esan zuen Andoni Txintxilla sukaldariak.

Elkar ezagutzeko topaketak

«Slow Asteak bertako produktuen erabilpena sustatzea du bere helburuen artean, eta horren harira antolatu dugu lehen topaketa hau», iragarri zuen Jone Esnal Turismo teknikariak. Zumaiako taberna eta jatetxeetako ordezkaritza txiki bat igo zen Forondara; ekoizleen artean, berriz, Getariakoak, Askizukoak, Aizarnazabalgoak, Zestoakoak eta Itziarkoak etorri ziren. «Elkar ezagutu eta ostalariek prestatzen dituzten jakietan bertako produktuak erabiltzera gonbidatu nahi izan ditugu».

Kontserbak, esnea, ogia, menbrilloa eta irasagarra, urdaiazpikoa, sagardoa... Bertako ekoizleek prestatutako produktuak erakutsi zituzten hitzaldien ondoren. Ostalarien eguneroko eskaintzan sartzeko lehen pausoa izan daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide