Anitzen Sarea mugimenduak lehen batzarra egingo du gaur arratsaldean Alondegian, eta aurrera begirako plangintzaz hitz egingo dute. Iaz abiatu zuten egitasmoa
Anitzen Sarea mugimenduak bere lehen batzarra egingo du gaur, 18:00etan, Alondegiko Moila gelan. Udaleko Berdintasun Sailak datozen hilabeteetarako prestatutako plangintzaren berri emango du bertan. 2014. urteko balorazioa egiteaz gain, mugimenduaren inguruan dituzten iritziak jasoko dituzte.Zumaian urte hauetan izandako migrazioaren inguruko ikerketak bultzatu zituen udalak 2012. urtean. Ikerketa hartan ondorioztatu zen Zumaiako biztanleriaren jatorria ezin anitzagoa zela, eta bost kontinenteetako pertsonak bizi direla Zumai- an.
Elkar ezagutzeko hurrengo pausoa 2014. urtean eman zen, Anitzen Sarearen sorrerarekin, «ikusi genuenean jende honekin herriko elkarbizitza sustatu behar zela. Txostenetan bakarrik ezin genuen gelditu; elkarbizitzarako gune bat sortu nahi genuen», azaldu du Karmele Gomez udaleko Berdintasun teknikariak.
Herriko elkarteak, taldeak eta hainbat jatorritako norbanakoak bildu nahi izan dituzte sare honetan: «Saiatu gara guraso elkarteetara eta jai batzordeetara heltzen, meskita zabaldu zuen talde musulmanera heldu ginen eta sareko partaide dira; afrikarrak ere badaude, norbanakoak, Malen Etxeak ere parte hartzen du...». Sarea ireki eta zabaltzeko asmoa dutela eman du jakitera. «Adibidez, Kubako jendeak eta azken topaketetan parte hartu dutenek esan digute oraingo honetan parte hartuko duela. Ahalik eta sare anitzena sortzen saiatu gara; gonbidapenak luzatu ditugu eta ikusiko dugu zeinek parte hartzen duen. Gustatuko litzaiguke Espainiar Estatuko jatorria duten lagunek ere parte hartzea, baina zailagoa da horiengana heltzea, elkarteetan ez daude-eta eratuta», esan du Gomezek.
Urteko plangintza partaideekin beraiekin adostuko dute batzarrean. «Kronograma bat sortu dugu plangintza posible batekin, baina hau aurrera eramateko beraien oniritzia behar dugu», azaldu du Gomezek. «Orain arteko ibilbidearen balorazioa ere egingo da. 2014. urtean egindako ekintza guztiak ere aztertuko ditugu, eta bertan ikusiko dugu zer egin dugun ondo, zer gaizki, zer hobetu daitekeen eta zer aukera ditugun. Anitzen Sarearen balorazioa ere egingo da, eta aztertuko da ea iazko abenduan egindako Aniztasunaren Topaketak baliagarriak izan ziren eta aurten ere berriro antolatuko al diren», gaineratu du.
Berrikuntza
Orain arte Sareak eman duenaren balorazio ona egiten du. «Lortu dugu beraiek herriko beste arloetan ere parte hartzea. Hemen parte hartu ez duten batzuek beste ekintza batzuetan ere partaide izan dira. Beraiek ere sumatzen dituzte herrian integratzeko behar horiek».
Alondegian egingo den batzarrean prestatu berria den Interneterako aplikazio bat aurkeztuko da. Udalaren atarian (zumaia.eus) zintzilikatuko da aplikazio hori Berdintasun eta Gazteria Sailaren atalean. Zumaiako biztanleen jatorriaren inguruko informazioa egongo da bertan. Aurtengo datuek diotenez, Zumaiako biztanleria 9.795 pertsonara heldu da, eta hortik % 51,8 bakarrik dira herrian jaiotakoak. Non jaioak dira beste bizilagun guztiak? Iragazki desberdinen bitartez, biztanleriaren jatorria jakiteko aukera ematen du eta 2012. urtetik hona, lehen diagnosia egin zenetik gaur arte izandako aldaketen berri izango da.
Foru Aldundiak antzerako aplikazio bat erabiliko du bere webgunean, baina, kasu horretan, Gipuzkoa osoari buruz.