Ekitaldi gastronomikoez gain, kultura eta ondarearen inguruko ekintzak egingo dituzte Zumaian ekainaren 1etik 7ra
Zumaian, bertakoa izenburua izango du astelehenean hasi eta datorren igandera bitartean egingo den Slow Asteak. Bertako elikadura berreskuratzea eta bizimodu jasangarriak sustatzea du helburu nazioarte mailako Slow mugimenduak. Aurtengo Asteak filosofia horri eutsiko dio, baina izango ditu zenbait berrikuntza. «Elikadura eta gastronomia ardatzak izango dira, baina bizitzako beste esparruetara ere zabaldu nahi izan dugu, herriko ohiturak, kultura eta produktuak berreskuratuz. Datozen urteetan ere ildo horretatik jarraitzeko asmoa dago», azaldu du Jone Esnal Zumaiako turismo teknikariak.Zumaiako bertako kultura gordetzeko asmo horretan, tarte berezia egingo zaio bertako hizkera berreskuratzeari. Herrietako hitzak galtzen ari dira pixkanaka, eta geurea den altxor horri eusteko, Zumaiako hitz edo esapide bereziak identifikatzen laguntzeko deia egin da. Hitz edo esapideak Alondegia kultur etxean edo turismo bulegoan jarriko diren kaxetan uzteko aukera izango da ekainaren 2ra bitartean. Parte hartzen dutenen artean bi Slow menu eta 10 Slow pintxo zozkatuko dituzte.
Slow Asteko ekitaldiak ekainaren 1ean hasiko dira, 17:30ean Kantauri plazan egingo den haurrentzako Zumaian zer dugu? jolasarekin. Ekainaren 2an, Herri Eskolan eta Maria eta Jose ikastetxean, Zumaian, bertako gosaria egitasmoa egingo dute eskualdeko ekoizle eta Urkome elkarteko kideekin.
Ekainaren 3an, 17:00etan, Foronda, Zumaian, bertako ekoizleak ekoizle eta ostalarien arteko topaketa egingo da, Urola Gustagarri egitasmoaren eskutik. 19:00etan, Alondegian, Industrigintza hastapenak Geoparkean: zementugintza Zumaian bideoa aurkeztuko dute, eta 19:30ean Itsaslapur eta merkatarien istorio bat doako bisita gidatua egingo da. Izenak turismo bulegoan eman daitezke.
Ostegunean, 18:30ean, pintxo poteoa eta kantu poteoa egingo dira, eta ostiralean, 19:00etan, basalandare jangarrien erakustaldia egingo dute Torreberrin.
Gastronomiak ere izango du lekua Aste honetan. Ostiral eta larunbat gauean, eta larunbat eta igande eguerdian, bertako produktuekin prestatutako menuak eskainiko dituzte herriko zenbait jatetxetan.