Zumaiako ikastetxeetan egiten duten Agenda 21 egitasmoaren barruan hainbat iritzi jaso dituzte: horien artean zarataren inguruko sentsibilizazio kanpaina martxan jartzea eskatu dute
Zarataren inguruko sentsibilizazio kanpaina egin dute pasa den asteburuan Zumaian. Herritarrek gai honen inguruan dituzten iritziak emateko aukera izan zuten larunbatean eta igandean, Eusebio Gurrutxaga plazan jarritako mahai batean. Ekintza Algorri interpretazio zentroko langileek gauzatu bazuten ere, herriko ikasleak izan dira haren bultzatzaileak.Ikastetxeetan egiten den Agenda 21 egitasmoaren barruan eguneroko bizitza hobetzeko hainbat proposamen debatitzen dituzte. Horien artean hainbat zarta motak sortzen dituen arazoak aztertu zituzten, eta baita azaro horiei konponbidea emateko zenbait proposamen aurkeztu ere udal agintariei.
Hala, sei proposamen aurkeztu zituzten gaztetxoek: informazio hitzaldiak antolatzea zarata iturrien, soinuen maparen, osasun kalteen eta prebentzioaren inguruan; jolastoki inguruetan zuhaitzak landatzea hainbat zarata mota saihesten laguntzeko; herri barruko zirkulazioa murrizteko planen bat aplikatzea, eta ibilgailuen abiadura moteltzeko neurriak adostea; Oikiako etxeen parean autobidean sortzen den zirkulazioaren zarata isolatzeko panelak jartzea; Maria eta Jose ikastetxe inguruan ibilgailuen abiadura gutxitzeko neurriak hartzea; eta asteburu honetan burutu den sentsibilizazio proiektua martxan jartzea.
Kutsadura mota ohikoena
Kanpaina honen helburu nagusia zarataren eragin kaltegarriak agerian jarri eta horiek gutxitzeko jarrerak bultzatuz prebentzioa sustatzea izan da. Ikasleek abiarazitako debate honetan herritarrek dituzten iritziak jaso ziren. «Giza jarduerek eragindako zarata gure inguruko kutsadura mota arruntena da, baina hain ohikoa zaigunez, ez diogu arretarik jartzen», azaldu zuten kanpainaren antolatzaileek. Herritarren eskura jarritako postontzietan, besteak beste tabernetan nahiz hiriguneko enpresek sortzen dituzten burrunba edo soinuen inguruko kexak jaso diutzte. «Bi egun hauetan ez da jende asko inguratu, baina etorri direnei beraien iritziak idatziz ematea eskatu zaie», azaldu zuten Algorriko kideek. Idatziak sinatuta edo anonimoki emateko aukera egon zen. «Sinatutakoei zuzenean idatziko die udalak, konpromiso hori hartu baitzuen; besteei, ezingo zaie zuzenean idatzi». Jasotako iritziekin prestatutako txostena epea laburrean aurkeztuko dute udalean.