Javier Zubizarreta, atzean lan taldearekin, atzo, Elkargunean
(Ane Olaizola)
Azkoitiko EAJk udal hauteskundeetarako programa aurkeztu du, eta Javier Zubizarreta alkategaiak adierazi duenez, "pertsonak" izan dituzte oinarrian programa egiterakoan, eta haientzat lan egingo dutela agindu du, "alderdikeriarik eta naguikeriarik gabe". "Elkarrizketa, parte hartzea eta akordioa izango ditugu oinarri".
Hirigintzari dagokionez, herria "txukun" mantentzea izango dute lehentasunetako bat, eta horretarako kale garbiketa eta mantenu lanak areagotu nahi dituzte. Hondakinen kudeaketan, txipdun bosgarren edukiontzia jartzea proposatu dute, "zintzilikariorik gabe" eta "birziklapena bultzatzen jarraituz". Horrez gain, Idiakez-Ederraren edo Nagusia 80ren egoera "desblokeatzen" saiatuko direla agindu dute, eta dagoeneko harremanetan ari direla adierazi dute.
Azkoitian sustapen publikoko etxebizitzak egiteko aukerak badaudela uste du EAJk, Intsaustin, esaterako. Eta gazteentzat txandakako alokairuko etxebizitzak bultzatzeko asmoa dute, eta gaiaren inguruan "azterketa sakona" egitekotan dira. Bestetik, Guardia Kalea oinezkotzeko, Oteiza frontoien eta Altzibar artean espaloia egiteko eta Toki Alain biribigunea egiteko asmoa dute.
Azkoitia eta Zumarraga arteko errepideko berritze lanak "lehenbailehen" egin behar direla uste dute, eta Bilbora eta Gateizera garraio linea zuzenak jartzea proposatu dute. Baserri bideak hobetzeko, Berpiztu programa martxan jartzeko asmoa ere badute.
Adinekoen zahartzaro "aktiboa eta kalitatezkoa" izan dezaten, plangintza egingo dutela proposatu dute. Ildo honetan, Eguneko Zentroa Gaztanenea eraikinera lekualdatzeak zerbitzua "bikoiztuko" dituela uste dute, eta horren ordez, pisu babestuak herrigunera eramateko nahia azaldu dute, hango bizilagunak "autonomoak" direlako.
Enplegua sustatzeko bitartekoak jartzeko asmoa ere badute, eta "kalitatezko prestakuntzak" lana lortzen laguntzen duelakoan, Hizkuntza Eskola Ofiziala jarri nahi dute. Euskararen arloan, berriz, herriko lexikoa bildu eta zabaldu nahi dute, ikastetxeekin elkarlanean.
Ekintzailetasuna ere bultzatu nahi dute, eta langile autonomoek elkarlanean lan egin dezaketen guneak jartzeko asmoa dute, "udalak lagunduta". Horrez gain, langabeei "arreta pertsonalizatua" emateko eta merkatariei laguntzeko "kontzientzia" zabaltzeko asmoa ere badute.