Irribarretik sentsibilizaziora

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko api. 29a, 00:00

'Giza eskubideak marrazten' proiektua burutzen ari dira egunotan Zumaian, gazteak giza eskubideen gaian sentsibilizatzeko. Tira komikoak ari dira erabiltzen horretarako.Irribarreak sortzeko bakarrik ez, debateak pizteko erremintak ere badira egunkariet...

'Giza eskubideak marrazten' proiektua burutzen ari dira egunotan Zumaian, gazteak giza eskubideen gaian sentsibilizatzeko. Tira komikoak ari dira erabiltzen horretarako.

Irribarreak sortzeko bakarrik ez, debateak pizteko erremintak ere badira egunkarietako tira komikoak. Charlie Hebdo aldizkari satirikoan izandako sarraskiaren ondoren, gertaeren orrietara ere pasa ziren. Egun gutxira Kurt Westergaard marrazkilari daniarrak ere erasoa jasan zuen. Marrazkilari honek 2005. urtean Mahomaren inguruko tira satirikoak egin zituen, sekulako tentsioa sortuz nazioarte mailan.

Orain hamar urteko gertaera hura izan zen hazia, ostegunera bitartean Oxford aretoan egongo den Giza eskubideak marrazten erakusketarentzat. Kofi Annan, orduko Nazio Batuetako idazkari nagusiak, eta Le Monde egunkariko Plantu marrazkilariak mundu mailako goi-bilera deitu zuten adierazpen eta prentsa askatasunaren alde. Haren ondorioz sortu zen Cartooning for peace egitasmoa, eta bertan mundu mailako 121 marrazkilarik hartu dute parte, azaldu du Aintzane Gamiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Zuzendaritzako kideak.

Aldundiak Frantziako Fondation Varenne-eri alokatu zion erakusketa hau Donostian egindako jardunaldi batzuetarako. Erakusketaren ezaugarriengatik gazteekin lan egiteko interesgarria ikusi zen, eta erabaki zuten hezkuntza proiektu bat martxan jartzea.

Helburua giza eskubideen inguruko lanketa egitea da 14-16 urte bitarteko gazteekin, beti ere modu oso parte-hartzailean.

DBH4ko ikasleek bisitatu dute erakusketa. Lehen zatian erakusketa ikusten dute, eta ondoren, talde txikietan banatuta, hausnarketa egiten dute. Debatea sortzeko aproposak diren gaiak jasotzen dira paneletan. «Gai horien inguruko beraien iritzia jaso, eta hausnarketa kritikoa piztu nahi dugu», esan du Gamizek.

Bigarren zatian bideo bat erakusten zaie, eta ondoren marrazten jartzen dituzte, marrazkilariaren azalean jarriz. «Giza Eskubideen Aldarrikapen Uniber- tsalak 30 artikulu ditu, eta bakoitza artikulu baten inguruan marraztera animatzen dugu». Marrazki horiekin guztiekin muralak sortzen dira, eta ondoren ikastetxeetara eramaten dira. Programa ez da erakusketarekin amaitzen: irakasleei material pedagogikoa ematen zaie gelan jarraitu dezaten eduki hauek lantzen.

Non dago muga?

Gazteekin adierazpen askatasunaren gaia ere debatitu da. Panel batean galdetzen da ea edozer gauzez barre egin daitekeen. Irakasle batek bere ikasle baten kasua ekarri zuen. Gaztea musulmana da, eta zioen beraiek ezin dutela Mahomaren irudia margotu, debekatuta dutela. Beste kultura edo erlijioetako jendea Mahomarengatik iseka egiten ari direla uste du, eta hori beraientzat pentsaezina dela. Guretzat garrantzitsua da adierazpen askatasuna eta norberak bere ideiak azaltzea, baina non dago muga? Debatea oso zaila da, ez da eta erraza hori mugatzea. Baina ikasleek ezezkoa diote, ez dela denaz barre egin behar.

Gazte hauen hezkuntzan eta hazkuntzan baliagarria izango delakoan da Gamiz. «Pentsatzen dugu adin hauetan gazteak ez direla gauzez kontziente. Baina giza eskubideen kontzeptuekin geratzen badira, edo telebista ikustean edo interneten sartzean gauzak era desberdin batean ikusten badituzte, pozgarria izango da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide