Gela ilunean ikusten den "argazkia".
(Ane Olaizola)
Argazkilaritzaren oinarriak ulertarazteko, Jon Andoni Martin Pegote argazkilari azkoitiarrak argazkilaritza estenopeikoa zer den azaldu nahi izan die herritarrei, eta horretarako gela ilun bat egokitu du Azkoitiko Balda Plazan. Argazki kamera bat bailitzan, gela ilunean obturadore gisako zulo txikia egin, eta barrura sartzen den argi izpiaren bidez kanpoko paisaia islatzen da barruko horma zurian, eta hankaz gora ikusten da irudia. Magia bailitzan, argiak berak egiten du argazkia.
Joan zen asteburutik dago Balda Plazan "kamera ilun erraldoia", eta herritarrek igandera bitartean bertatik bertara ikusi dezakete teknikak nola funtzionatzen duen. Argazkilaritza estenopeikoa zer den azaltzeko, gainera, bihar (larunbata) ikastaroa eskainiko du Pegotek, 10:00etan, Balda Plazan. Bertan parte hartzen dutenek, "norberak egindako kamerarekin argazkilaritza estenopeikoaren magia ezagutzeko eta bizitzeko oinarrizko pausoak ikasiko dituzte". Alderdi teorikoa eta praktikoa izango du ikastaroak: teorikoan, kamera estenopeiko bat eraiki, argazkiak atera eta gela ilunean errebelatuko dituzte. Horrez gain, hiru soligrafia egingo dituzte. Jasotako emaitzak aztertu eta baloratuko dituzte gero, teknika ulertzen lagundu eta ondorioak atera ahal izateko.