Luis, Juan Ramon eta Jose Mari Llavori Romatet. Hiru anai, hiru argazkilari, hiru begirada natura eta munduarekiko eta erakusketa bat;
Hiru. Donostian, Gipuzkoako Argazkilari Elkartean jarri dute erakusketa.
Juan Ramon Llavoriren argazkia.
Juan Ramonen ideia izan zen erakusketa hau egitearena. «Elkartean proposatu nuen eta interesgarria iruditu zitzaien, ez da-eta normala hiru anai argazkilari izatea eta, gainera, halako mailarekin». Luisek gaineratu du arazo handiena zein izan den: «Traba handiena erakusketa nola egin izan da, hirurok zeharo desberdinak baikara. Horregatik, bakoitzak bere eran burutu du bere proiektua». Luisek eta Juan Ramonek beraien ibilbidean hain ohikoak ez diren lanak aurkeztu dituzte. Juan Ramon ezaguna da erretratuengatik eta Asian zehar egindako bidaietan eta Donejakue Bidean ateratako irudiengatik. Erakusteka honetarako koloreekin eta testura edo ehundurekin jokatu nahi izan du. «Aurrekoetan itzalekin, Caravaggioren tenebrismoarekin jokatu dut, baina honek ez du zerikusirik orain arte egin dudanarekin. Aspalditik nuen buruan kezka ehundura eta koloreekin jokatzeko, eta oso gustura atera naiz».
Luis Llavoriren argazkia
Luisek bere lan abstraktuekin osatu du bilduma. Abstrakzio terminoaren atzean nahasmena dagoela uste du. «Batzuek naturan dagoen detaile bati deitzen diote abstrakzioa. Adibidez, Rio Tintora joaten bazara, naturak berak egiten du abstrakzioa eta detaile bat hartzea besterik ez duzu egin behar. Nire kasuan, baso batera joaten naiz eta kamera berarekin hasi eta amaitzen dut argazkia; ez da gero ordenagailuan lantzen den irudia. Koloreen paleta kamerak berak eskaintzen duena da».
Jose Mari Llavoriren argazkia
Jose Marik bere berean jarraitzen du naturaren eta, bereziki, hegaztien argazki txundigarriak ateratzen. «Nik ermitaua deitzen diot. Orduak eta orduak egoten da hide moduan [ezkutatuta], geldirik, nahi duen argazkia atera arte eta batzuetan irudi bat bera atera gabe bueltatzen da», du gogoan Juan Ramonek. «06:00etatik 21:00ak arte egoten da tela batez estalita. Pentsa Extremaduran zer den hori egitea, 40-50 graduko tenperaturarekin. Oso gogorra da; neuk ez daukat gaitasunik hori egiteko», azaldu du Luisek mirespenez.
Maiatzaren 6ra arte izango da zabalik erakusketa, astegunetan 17:00-21:00 artean, eta larunbatetan 17:00-20:00 artean.
Ostiraleko irekieran egon ez zen Jose Marik zabaldu zuen argazkigintzaren bidea familian. «Kilimanjaro menditik edo Alpeetatik bueltan han ateratako diapositibak erakusten zizkigun. Zoragarria zen». Hura izan zen ibilbide luze honen hazia, amaiera hurbilik ez duena.