«Gure zaharrek egiten zuten modukoa da zopa onena»

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko api. 15a, 00:00

Beheko Plaza edadetuen elkarteak olagarro zoparen lehiaketa antolatzen du errepetizioetan. Herriko elkarteek hartzen dute parte, eta beren maisutasuna erakutsi behar izaten dute olagarro lehorra, zopako ogia, tipula eta abarrekin.Urte askotan lehiaketa...

Beheko Plaza edadetuen elkarteak olagarro zoparen lehiaketa antolatzen du errepetizioetan. Herriko elkarteek hartzen dute parte, eta beren maisutasuna erakutsi behar izaten dute olagarro lehorra, zopako ogia, tipula eta abarrekin.

Urte askotan lehiaketako epaimahaikide izandako Begoña Goikoetxea iaz mahaiaren bestaldera pasa zen eta Beheko Plaza elkartea ordezkatzen hartu zuen parte. Ez hori bakarrik: lehen aldiz parte hartu eta irabazlearen txapela jantzi zuen.

«Epaimahaian izan nintzen garaian, zenbait kritika entzun behar izan nituen. Zioten beti pertsona berberek irabazten zutela eta jakina zela zeinek irabaziko duen. Epaimahaikide izateari utzi nion horregatik. Baina, libre nengoenez, Beheko Plazaren izenean parte hartuko ote nuen galdetu zidaten. Hasieran ezezkoa esan nuen, interpretazio asko egin zitezkeen-eta, baina azkenean parte hartu nuen, baita irabazi ere. Poz handia hartu nuen. Konpromiso bat nuen: irteten banintzen irabaztera irtengo nintzen. Berez, ni baino hobeak badaude, baina nire zopa gustatu zen gehien edo hobekien eginda zegoen. Lehenengo urte hori izan zen garrantzitsua. Aurten ere joango naiz eta irabazten badut, ba, beno... Baina lasaiago joango naiz, hainbesteko presiorik gabe», dio Begoñak.

Baina zer behar da olagarro zopa on bat egiteko? «Pazientzia eta genero ona behar dira. Olioa, tipula, tomatea, olagarroa eta zopakoa. Gero olagarroa beratzen ipini, haren urak erabili eta horrelakoak. Eta gero, bakoitzaren eskua da. Hortik aparte, jende batek beste gauza batzuk botako dizkio, baina nire ustez lehengoa, gure zaharrek egiten zuten modukoa da onena».

Amaren etxean olagarro lehorraren usaina nabarmentzen hasia zela zioen irribarre batekin Begoñaren alaba Evak. «Noiznahi egingo dizut olagarro zopa bat etxean. Miguel Angel, Iñakiren [Osa Goikoetxea] aita da amorratua. Igor eta hauek ere bai. Baina etxean seme-alaba guztiak atera zaizkit errebeldeak. Inori ez zaio gustatzen olagarroa. Arrain zopa, hainbestean, baina olagarro zoparik ez».

San Telmo jaiak sentimendu handiarekin bizi dituela dio. «Gure etxean denak arrantzaleak izan dira. Gure aita, osabak, denak arrantzaleak. Santelmoetako prozesioa gure etxean oso sakratua izaten zen. Gure aita agian urte osoan ez zen mezetara joango, baina goizean egiten zen prozesio hartan ez zuen hutsik egiten. Urte batzuetan kanpora alde egiten dut; prozesioa nire etxe aurretik pasatzen da, bai alde batetik, bai bestetik, eta asko hunkitzen nau». Kalean egoten den giroa ona dela dio. «Goxoa izaten da, geurea, propioa sentitzen dute. Sanpedroak Hotel Amayakoenak eta udatiarrenak ziren, baina santelmoak beti santelmo. Gainera, euri pixka bat egiten badu, jendeak dio San Telmo ari dela betetzen berearekin».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide