Bi aste baino gutxiago falta da Azkoitian hondakinak biltzeko sistema mistoari buruzko herri galdeketa egiteko. Gaur zabaldu dute kontsultari dagokion kanpaina, eta beraz, sistemaren aldekoek eta kontrakoek hilaren 23ra bitartean edukiko dute euren botoa defendatzeko aukera.
Azkoitiko Udalak, bere aldetik, galdeketaren inguruko informazio banatu du etxez etxe; urtarrilaren 25ean izango da galdeketa, baina egun horretan bozkatu ezin dutenek aurretik emateko aukera izango dute. Ostegunerako (etzi) eta ostiralerako zehaztu dituzte aurretiazko botoen egunak. Horretarako, udaletxeko idazkaritzara joan beharko dute, ostegunean 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean, eta ostiralean 09:00etatik 15:00etara artean. Era berean, botoa galdeketa aurretik prestatu nahi duenak udaletxean bertan eskuratu ahal izan dute boto papera eta gutun azala. Egunean bertan, hautes lekuetan egongo da materiala.
Hemezortzi urtetik gorakoek eta iazko azaroaren 27an edo lehenagotik Azkoitian erroldatuta daudenek parte hartu ahal izango dute galdeketan. Guztira, 9.258 lagunek bozkatu ahal izango dute, eta honakoa izango da galdera: Egokia ikusten al duzu hondakinak biltzeko udalak martxan jarri duen sistema mistoa? Herritarrek, beraz, bai edo ez erantzun beharko dute. Sistema berria martxan jarri eta sei hilabetetara egingo dute galdeketa, haren inguruan herritarrek duten iritzia jakiteko asmoz: "Uztaileko plenoan agindu zuen udalak galdeketa egingo zuela, behin herritarrak sistema frogatu eta gero eta emaitzak ikusi ondoren. Herritarren iritzia jaso nahi du udalak, eta horretarako galdeketa gauzatzeko prozedurak seiotasun, gardentasun eta legezko berme guztiak izango ditu", azaldu du Esther Lizarralde alkateordeak.
Bilketa sistemaren nondik norakoak azterketzeko osatutako jarraipen batzordekoak adostu zuen galdera, eta ondoren, udalbatzak onartu zuen, hura aurrera eramateko prozedura hastearekin batera. Ordutik, galdeketak "berme guztiak" izateko lanean dabiltzala esan du udalak. Izan ere, udalaren ustez herri galdeketa "tresna garrantzitsua da herritarren parte hartzea bermatzeko", eta beraz, azkoitiar guztiei dei egin die parte hartu dezaten. Lizarraldek berretsi du udalak bere egingo dituela galdeketaren emaitzak, "eta hartu beharreko neurriak hartuko ditu herritarren iritzia jaso ondoren". Dena den, ez dago garbi emaitzarekin zer gertatuko den. Izan ere, jarraipen batzordera eramango dituzte emaitzak, eta han erabakiko dute zer egin: "Jarraipen batzordean lanean jarraituko dugu sistema hobetzen eta egokitzen jarraitzeko, beti ere gaikako bilketa eta prebentzioan aurrera egiteko helburuarekin".
Partaidetza prozesu baten ondoren, udalak uztailean jarri zuen martxan sistema mistoa. Aurretik, udalak hainbat irizpide onartu zituen: besteak beste, hondakinen %70 sailkatzera iristeko eta “errefusari ateak itxiko zizkion eredua” ezartzeko konpromisoa hartu zuten. Udalak dituen azken datuak urrikoak dira, eta orduan %80ko bereizte tasara iritsi ziren Azkoitian. "Horri esker, zabortegietara botatzen dugun zabor kopurua nabarmen jaitsi da, eta ondorioz zaborraren tasa %15 jaitsi ahal izan dugu". Orain arteko erabakiak "parte hartze prozesuan" hartu dituztela eta, aurrerantzean ere bide horretatik jarraituko duela agindu du Udal Gobernuak.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide