[caption id="attachment_116310" align="aligncenter" width="300"]
Floreagako Tekla eremua (Ane Olaizola/Hitza).[/caption]
Floreagako Tekla eremuan egitekoak diren alokairu sozialeko 33 etxebizitzen proiektuarekin aurrera jarraitzen duela adierazi dio Eusko Jaurlaritzak Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateari, udalak jakinarazi duenez. Covadonga Solaguren Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailburuordearekin elkartu da, proiektuaren inguruko nondik norakoak argitzeko asmoz. Udalaren arabera, Jaurlaritzak hurrengo urtean hasiko duen plangintzan proiektuarekin hasteko asmoa duela agindu dio alkateari.
Eusko Jaurlaritzak 2007. urtean Teklan alokairu sozialeko 33 etxebizitza egiteko proiektua onartu zuen, eta bi urte geroago obrak hasteko baimena eman zion udalak. Iaz, ordea, udalari jakinarazi zion eraikitze litzentziari uko egiten ziola, eta proiektua geldirik dago ordutik. Solagurenekin bildu ondoren, ordea, udalak jakinarazi du litekeena dela proiektuaren obrak hurrengo urtean esleitzea eta obrak 2016an hastea, "baina datarik ematen ez da ausnartu saiburuordea".
Proiektua aurrera eramatea herritarrentzat "oso garrantzitsua" dela adierazi du alkateak, Azkoitian alokairu sozialeko etxebizitzetarako "premia handia" dagoelako, eta "garai zail hauetan" babes sozialak lehentasuna izan behar duelako. Era berean, gogoratu dute proiektuarekin "lehenbailehen" hasteko hango ikastetxea eta lokalak hustu eta bertan bizi ziren bi familia atera egin behar izan zituztela, eta "orain geldirik egoteak ez du zentzurik".
Azken urteetan hainbat alditan elkartu dira udaleko ordezkariak proiektuaren arduradunekin. Iaz, esaterako, proiektua lehenetsi zezala eskatu zion udalak Jaurlaritzari, eta honek "lehentasunak aztertzen" ari zela erantzun zion. Alberdik, bere aldetik, agindu du Floreagan etxebizitza horien proiektua "lehenbailehen" hasteko "bere esku dagoen guztia" egingo duela, eta aurrerantzean Jaurlaritzaren erabakien gainean egongo dela. "Behar diren bilera guztiak egingo ditugu Azkoitiko proiektuak lehentasun izaten jarrai dezan".
"Babes sozialak politika publikoen lehentasun izan behar dutela sinesten dugu, eta Azkoitian errenta sozialeko etxebizitzak premia-premiazkoak direla argi dugu. Etxebizitza eskubidea herritar guztientzat bermatzea ezinbestekoa delakoa gaude, eta alokairu sozialeko etxebizitzak eskubide hori bermatzeko behar-beharrezkoak dira", esan dute. Honen aurrean, Jaurlaritzak ere berdina egin dezan eskatu diote, eta hurrengo urteko aurrekontuetan "behar sozialak lehenetsi" ditzan espero dute.