Azkoitiko Udala hasi da 2015eko aurrekontuak lantzen, eta EAJk bere proposamena helarazi du. Mikel Zubizarreta Azkoitiko EAJko bozeramaileak jakinarazi duenez, lau irizpidetan oinarrituko da alderdia: herria garbi mantentzean, ekonomia sustatzean eta irisgarritasuna eta bizi kalitatea hobetzean.
Herria garbi mantentzeko, hondakinen kudeaketara bideratzen den partidak handitzea proposatu dute. Sistema bera baino, edukiontzi inguruetan pilatzen den hondakinei aurre egin behar zaiola uste du. "Ondo jasotzen al den kontrolatu, eta non dauden akatsak ikusi behar dira. Organikoaren bilketa handitu egingo da, eta horrek sor ditzazkeen usainei eta bestelako arazoei konponbidea eman behar zaie". Era berean, umeen parkeak, kaleetako eserlekuak eta zelai eta lorategiak "txukun" egotearen beharraz azpimarratu du. Horren harira, adierazi dute brigada ez dela "iristen" dituen betebehar guztiak egitera, eta zenbait kasutan azpikontratatuetara jotzearen alde egin dute. "Batzuetan beharrezkoa da azpikontratatzea, herria txukun edukitzeko, eta horretarako partida bat jarri behar da".
Ekonomia sustatzeko, berriz, iazko proposamenei eutsi diete. Besteak beste, herriko langileak kontratatzen dituztenek edo herrian enpresa bat irekitzen dutenek diru laguntzak jaso ditzatela eskatu dute, horretara lagundu diezaieten. Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programa Azkoitira egokitu dezaten ere proposatu dute; hau da, hutsik dauden merkataritza guneak merkaturatu eta udalak horiek arautu ditzan nahi dute, merkatariei laguntzak eskainiz.
Floreaga auzoan igogailua jartza "oinarrizkoa" dela deritzo EAJk, irisgarritasuna hobetzeko, eta finantziaketaz informatzeko, Eusko Jaurlaritzarekin eta Getariako Udalarekin jarri dira harremanetan, azken honek oraintsu jarri duelako igogailu bat herrian. Era berean, Plaza Ondo jubilatu elkarteak orain bi urte Floreagako eta San Martingo bizilagunen irisgarritasun beharrez egindako dokumentuak udalak berreskuratu ditzan eskatu dute, "lehentasunak zehazteko". Landa bideetako inbentarioa ere egin behar dela irizten diote, zer egoeratan dauden jakin eta partidak bideratzeko.
Bizi kalitatearen inguruan, San Joango futbol zelai ondoko iturria konpontzea eskatu dute, hura balioan jari eta turismoan eragiteko. "Egun, utzita dago iturria, baina iturriak kalitateari dagokion katalogazio handia dauka. Obrak ez du kostu handirik, eta herriari izan handia emango lioke". San Joango zelaiko harmailak ere itxi dezatela proposatu dute. Horrez gain, Elkarguneko etxabean Musikagunea egiten dutenean, egungo Musika Eskolako parketik hara umeen joan etorria handitu egingo delakoan dira jeltzaleak, eta horren aurrean oinezkoak babesteko neurriak jar ditzatela eskatu dute. Umeentzako parke estalia egitea eta kirol eta kultur elkarteei laguntzak igotzea ere nahi dute hurrengo urtean.
Udal tasa eta zergetan hala proposatu bezala, Alde Zaharra biziberritzeko hango bizilagunei laguntzak ematea ere proposatuko dute aurrekontuetan. Hain zuzen, obrak egin behar dituzten merkatari eta herritarrei diru laguntzak ematea eskatu dute, "ingurua hil baino lehen indartu dezagun".
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide