Hildako ahuntzak "kontrolpean" zeudela esan dute sindikatuek; ordea, gezurtatu egin du aldundiak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko ira. 5a, 14:55

Abuztuaren 26an Gipuzkoako Foru Aldundiko zenbait basozainek Izarraitzen bederatzi ahuntz hil izana salatu dute gaur EHNE eta ENBA baserritarren sindikatuek, basozainek "kontrolpean" zituztelako eta bere jabearen lurretan zeudelako animaliak. Gertaeraren inguruko bertsio desberdinak azaldu dira, eta aldundiak arrazoitu du ahuntzak krotalik (belarriko identifikaziorik) ez zutela, eta uxaldia "azken errekurtsoa" izan dela, "beste konponbide guztiak saiatu ondoren, eta inguruko baserritar, mendi jabe eta Azkoitiko Udalaren eskaerari jarraituz". Baserritarren sindikatuek gaur emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, animaliek "legezko baldintza guztiak" betetzen zituzten. Horien arabera, bederatzi ahuntz hil eta beste bi zauritu zituzten basozainek, eta aldundiari eskatu diote gertakaria argitu dezan, eta halakorik errepika ez dadin beurriak har ditzan bilera bat eskatu diote. Era berean, babesa eskaini diete ahuntzen jabeei. Sindikatuek azaldu dutenez, abuztuaren 26an, bi artzain "ohi bezala" Kakute ingurura joan ziren, eta hara gerturatzen ari zirela basozainen autoak ikusi eta "tiro hotsak" entzun zituzten, baita ahuntz talde bat "ihesi" ikusi ere. "Gertatzen zena ikusteko asmoz, artzaietako bat lekura gerturatu eta bestea basozainen autoen ondoan gelditu zen. Autoen ondoan gelditu zenak urrutian pertsona bat ikusi zuen sasi artera zerbait mugitzen". Sindikatuen esanetan, basozainak autora "eskopeta" eskuan zutela joan ziren, eta artzainek argazkia atera zietenean "liskarra" sortu zen bien artean. Artzainak gertaeraren lekura hurbildu zirenean, hainbat ahuntz aurkitu zituzten hilda, "identifikaziorako txapak kenduta eta haitzuloetan ezkutatua". "Horrez gain, beste ahuntz batzuk zaurituta eta oraindik identifikazio txapak belarrian zituela ere ikusi eta bideoan grabatu zituzten, baita argazkiak atera ere". Lursail pribatu horietan, "odol arrastoak" eta "eskopeta-kartutxoak" ere aurkitu zituzten. Baserritarrek jakinarazi dutenez, animalien jabeari deitu eta ertzain-etxean salaketa jarri zuten orduan. Sindikatuen arabera, aldundiak oraindik ez diete gertaera argitzeko azalpenik eman. Jon Peli Uriguen aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak "arridura eta kezka" azaldu du sindikatuen azalpenen inguruan, "baserritarren babesa eta beren interesen defentsaz arduratu beharko luketen sindikatuek, baserritar batzuena" zaindu dituztelako, "kasu honetan arauak betetzen ez dituztenena". "Beste baserritarrei, legeak eta animalien kontrolak ongi betetzen dituztenei, horrelako karduera axolagabeak kalte handiak egiten dizkiete, eta beraiekin egon behar lukete sindikatuek, ez arauak betetzen ez dituztenekin". Aldundiak berretsi du uxaldia "kontrolatua" izan zela: "Basozainek gogoz kontra eta legezko prozedura guztiak jarraituta egin zuten hilketa". Horien arabera, "jabeek ongi zekiten legez kanpo zeudela, eta ganadua kontrolik gabe". Izan ere, aldundiak gogoratu du ahuntzen jabeek ez dituztela animaliak beren jabetzako sailetara mugatu, "sarritan hala eskatu arren". Horien arabera, "mendi publiko eta pribatuetan kalteak eragiten ari ziren duela hilabete asko". Hain zuzen, Azkoitiko Udalak hainbat aldiz eskatu die jabeei animaliak euren lursailetan eduki ditzatela, baserritar batzuengandik jasotako kexuak aintzat hartuz. "Egoera honetan, aldundiko basozainek ahuntzen jabeekin informazio kanpaina eta ikerketa bana egin zuten, zehazki ahuntzen jabea nor zen jakiteko, eta ez zuten lortu erantzunik". Azken hilabetetan bi bando argitaratu ditu udalak, eta jabeek neurririk hartzen ez bazuten aldundiari uxaldia egiteko eskatuko ziola esanez". Azkoitiko Udalak uztailaren 7an eskatu zion aldundiari uxaldia egitea, eta honen esanetan, "denbora tarte horretan ahuntzen jabeek ez zuten ezer egin. Hau da, udalari eta basozainei "azalpenik" ez emateaz gain, "ganatua kontrolatzeko" ez zuten neurririk hartu. Aldundiak arrazoitu du "arautegian agintzen duenari jarraitu" dutela. "Aldundiaren jarduera baso horien jabeen salaketaren ondorio izan da, eta beste baserritar batzuen interes legitimoak babesteko. Gainera, arautegiak, osasun ikuspegitik, animalia guztiak kontrolpean eta krotalak jarrita egotea agintzen du, eta hil ziren ahuntz horiek guztiak, eta beste askok, ez zuten inongo jarraipen sanitariorik". Ahuntza, kontrolik gabe dabilenean "kalte ikaragarriak" sortzen dituela gogoratu dute. Halaber, animaliak ezin zituztelako harrapatu hil zituztela arrazoitu du aldundiak. Uxaldia "tentu askorekin" prestatutakoa izan zela gaineratu dute. Horien arabera, 50 bat animalia ziren, eta horietatik 20 zeuden krotalekin. Hain zuzen, aldundiak argitu du hildako ahuntzak zortzi izan zirela, guztiak identifikaziorik gabekoak. "Neurri honekin, aldundiak arauak betetzen dituen baserritar eta baso jabeak babestu nahi izan ditu, eta legea bete gabe jarduten zutenei bakarrik egin die kalte". Aldundiak bere babesa eskaini die basozainei, "bere lana egiteagatik" jasotako "eraso eta kritiken" aurrean.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide