Azkoitiko zinegotzien lansariak dedikazioaren arabera igo dituela argitu du Udal Gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko abu. 7a, 15:00

Gaizka Larrañaga, Urrategi Alberdi eta Inaxio Gorosabel, gaur, agerraldian
(Ane Olaizola) Azkoitiko EAJk Bidea Eginez aldizkariaren 10. zenbakian salatu du alkateak eta Udal Gobernuko hainbat zinegotzik soldatak igo dituztela. Salatu du Bilduren hauteskunde zerrendan ez zeuden eta «inork bozkatu ez dituen herritarrak» sartu direla udal gobernuan, eta Pello Bastarrika alkateak dimisioa eman ondoren, «honek irabazten zituen 53.000 euroen banaketak borroka» ekarri duela gaineratu du. Besteak beste, Urrategi Alberdi egungo alkateak aurreko soldata baino 29.000 euro gehiago jasotzen dituela salatu du EAJk, eta Esther Lizarralde alkateordeak %20 igo duela bere soldata. Inaxio Gorosabel zinegotziak, berriz, %59,7 igo duela esan du alderdi horrek, eta Gaizka Larrañaga udal gobernura sartu den azken zinegotziak 8.000 euroko lansaria izango duela. Ondorioz, honakoa adierazi du EAJk: «Ekonomia larria izanik eta hainbat lan egiteko dirurik ez dagoenaren mezuen atzetik, ba ote dago Azkoitian beste lantokirik dimisio batzuen ondoren soldata horrela igo dutenik? Gure inguruan, ez». Horren aurrean, udal gobernuak argitu egin nahi izan ditu egin dituzten aldaketak. Bilduren arabera, udal gobernuan hasi zirenetik «ikasten eta ikusten» joan dira, eta izandako esperientziaren arabera ardurak aldatu behar izan dituzte. Era berean, Bastarrikak alkate kargua utzi zuenean, taldea «berrantolatu» eta aldaketak egin behar izan dituztela esan dute, «beti ere politikoen soldatetarako zegoen diru kopurua errespetatuz». Bilduk euren artean borrokan ibili izana gezurtatu du, eta halakoak esatea «bidegabea» eta «maltzurra» dela salatu du. Soldaten igoeraren inguruan, berriz, aurreko agintaldian jasotzen zutenarekin alderatu dituzte. Esan dutenez, 504.178,20 euro ari dira aurrezten politikarien soldatetan (agintaldi osoan eta gizarte segurantza barne). Bilduren arabera, EAJren udal gobernuak urtean 235.581 euro erabiltzen zituen soldatetarako, eta egungoak 119.921 euro. Arduretan aldaketak Alberdiren soldatari dagokionez, gogoratu dute alkate izan aurretik 16.363 euroko ordainsaria zuela, eta egun erdiko liberazioarekin Ogasun, finantza, barne antolaketa, langileria eta kontratazio batzordeburua zela eta Aniztasun eta migrazio arloko zinegotzi delegatua zela. Aurreko legealdiko kargu bereko zinegotziek, Josu Bastidak eta Miguel Reimundezek, 116.951 euro irabazten zituzten guztira. Alkate izendatuta, dedikazio osoa du orain Alberdik, «bidezkoa eta beharrezkoa» delako. Lizarralderen soldataren igoera ere justifikatu nahi izan dute. «Alkateordea, Ongizate, berdintasun, hezkuntza eta parte hartzeko zinegotzi delegatua da, baina beste hamaika betebehar ere baditu: Mankomunitatea, Azkoitia Lantzen…». Zentzu horretan, esan dute Iosu Bastida aurreko alkateordeak baino, %37,12 gutxiago irabaziko dituela kargu bera izanda. Gorosabel Nekazaritza, ingurumen, obra eta zerbitzuetako zinegotzi delegatuari dagokionez, esan dute egun erdiz zegoela liberatuta, baina hori ez zela «erreala», denbora gehiago eskaintzen ziolako: «Aitortu gabe eskaintzen zuen lan hori aitortu zaio orain, eta %75era igo zaio arduraldia». Kasu honetan ere Bastidaren soldatarekin alderatu dute, Ogasun, pertsonala, obrak eta kontratazio zinegotzia izan zelako. Horien arabera, aldea «handia» da, Gorosabelek hilean 1.867 euro gordinik irabaziko dituelako, eta Bastidak hilean 4.491,29 euro jasotzen zituelako. Batzordeetan parte hartzeagatik liberatu gabeko zinegotziek jasotzen duten dirua ere izan dituzte hizpide. «Hori ere jaitsi egin genuen. 2010ean, EAJ udal gobernu buru zela, 32.357,55 euro gastatu ziren dietetan. Iaz, 2013an, Bildurekin, 19.101,26 euro. 13.256,29 euro aurreztu dugu, beraz». EAJk, bestetik, esan du udaleko beste hiru langileri soldatak igo dizkiela, eta horrek 20.582,56 euro eragingo duela urtero. Bilduk esan duenez, Kontuhartzailetza eta Idazkaritzako departamentu buruen lanaldi «errealak» eta argiketariaren 24 orduko zaintzaldia «errekonozitu gabe» zeudela. Langileen batzordeak eskatuta egin dira aldaketa hauek. Datu horiek ikusita, Azkoitiko udal gobernuak ez du ulertzen EAJren jarrera, eta herritarrak nahasten ibiltzea egotzi diote alderdi horri: «Arrazoirik ez dagoenean pertsonen alde makurrena erabiltzen dela esan ohi da, gezurra, haserrea eta amorrua. Badirudi bide horretatik jo nahi dutela». Horren aurrean, etika kontutan hartu dezatela eskatu diete. Era berean, azpimarratu dute «gardentasunaren bidean» lan egiten jardungo duela Bilduk. Opendata plataforman, esaterako, euren soldaten berri ematekoak dira laster. Karguen soldatak, bi agintaldietan
  • 2010. URTEA
Asier Aranbarri (alkatea). 69.866 euro Iosu Bastida (zinegotzia). 62.878 euro Kontxi Larrañaga (zinegotzia). 58.764 euro Miguel Reimundez (zinegotzia). 44.073 euro GUZTIRA. 235.581 euro  
  • 2014. URTEA
Urrategi Alberdi (alkatea, %100). 45.535 euro (%34,83 gutxiago). Esther Lizarralde (zinegotzia, %100). 39.535 euro Inaxio Gorosabel (zinegotzia, %75). 26.138 euro Gaizka Larrañaga (zinegotzia). 8.713 euro GUZTIRA. 119.921 euro (%50,90 gutxiago) * Iturria: Azkoitiko udal gobernua  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide