Azkoitian hondakinen inguruko herri galdeketa egingo dutela agindu du Udal Gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko uzt. 30a, 10:35

Udalbatzarra, atzo herri galdeketa bozkatzen
(Ane Olaizola) Azkoitiko Atez Atekoaren Aurkako Plataformak herri kontsulta egiteko eskaera udalbatzaren gehiengo osoak onartu behar zuen, baina ez da hala izan. Aldeko bederatzi boto behar zituzten aurrera eramateko, eta EAJ eta PSE-EEren aldeko sei zinegotzik babestu dute eskaera, eta EH Bildu eta Azkoitia Bai abstenitu egin dira. Esther Lizarralde alkateordeak esan duenez, plataformak aurkeztu duen eskaera ez da "serioa", besteak beste euskaraz eta gazteleraz modu desberdinean planteatu dituztelako galderak. Honela dago gaztelerazko aukerak: a: El sistema aprobado en Sesión Plenaria de mayo (Sistema Mixto con txintxilicarios para la fracción resto; b: El sistema del quinto contenedor con su control electrónico pertinente. Euskaraz, berriz, honela jarri dituzte aukerak: a: Maiatzeko plenoak erabakitako erreuxa atez ate jasotzeko sistema mistoa; b: Bosgarren edukiontziarekin eta tarjeta bidezko kontrola eramango lukeen txip sistema. "Batzuk gauza bat sinatu dute, eta beste batzuk beste bat? Zer sinatu du jendeak?", galdegin du Lizarraldek. Era berean, herritarrek sistema mistoa edo txipdun edukiontzi marroiaren sistema nahi duten galdetzean, alkateordeak azpimarratu du egungo sistemak dagoeneko azken hori baduela bere baitan. "Galderan planteatzen dena dagoeneko martxan dago". "Ez dakit eskaera honen helburua zein den, herritarrei galdetzea edo bazterrak nahastea. Hau da, martxan jarri den sistema oztopatzea duen helburu horrela aurkezteak. Bazterrak nahasten ibiltzea ez da bidezkoa, ezta gezurrak eta irainak ere. Jendearen fede onean sinesten badugu ere, susmoa dugu batzuk fede txarrez ari direla, interes politiko nabarmen batekin". Horren aurrean, "errespetua" eskatu dute, "gustatu edo ez, hartutako erabakiak parte hartze prozesu baten bermea eta zilegitasun osoa duelako". Herri galdeketa ez da egingo plataformakoek proposatutako galderekin eta moduan, baina Udal Gobernuak hondakinen inguruko herri galdeketa egiteko konpromisoa hartu du. "Herri galdeketa eskatzea zilegi da, eta egitea demokratikoa". Udal Gobernuak duen "erantzukizuna" kontutan hartuz egingo dutela esan dute, beti ere sistema berria probatu eta gero; "herritarrek sistema mistoa probatzeko aukera izan behar dute. Eskaintzen dituen aukerak, malgutasuna, lortu ditzakegun emaitzak. Hori guztia frogatzeko aukera izan behar dute, eta horrek bere denbora behar du". Galdeketa "berme eta seriotasun guztiarekin" egingo dutela eta udalbatzarrak joan zen urtean onartutako irizpideak errespetatuz egingo dutela berretsi dute, "beti ere zero zabor norabidean". Oposizioaren erreakzioak Bozkatu baino lehen eman zituen azalpenak Lizarraldek, eta horregatik, batek baino gehiagok pentsa zitekeen Udal Gobernuak alde bozkatuko zuela. Hala, PSE-EEk pozez hartu zituen Bilduren hitzak, baina lehenengoaren ustez, prozesua alderantziz egin beharko zitzakeen. "Lehenengo sistemarekin jarraitu, eta urtebeteko epean funtzionatuko ez balu, orduan atez atekora jotzea proposatu dugu. Zuek alderantziz egin duzue, inbertsioak egin eta gero". Azkoitia Baik, bere aldetik, plataformarekin aurrez aurre bildu daitezela eskatu zuen beste behin. Era berean, herri galdeketarako galdera adostu egin behar dela uste dute, eta horretarako irailean berriro eratuko duten mahaian parte hartu dezaten eskatu diote. "Legealdi hasieran esan genuen herri galdeketan planteatzeko gai interesgarria izan zela hau, eta iritziz aldatu genuen arrazoia izan zen 17 zinegotzitik 16k onartu zutelako helburu batzuk bete behar zirela". Dena den, 1.689 sinadura kopuru handia dela deritzo koalizioak, eta horregatik bere garrantzia eman behar ziola uste dute. Zentzu horretan, EAJ bat etorri da Azkoitia Bairekin. Atez Atekoaren Aurkako Plataformako ordezkariak ez ziren izan osoko bilkuran, baina Udal Gobernuaren erabakia "itxuragabea" dela diote: "Ez dira ausartu ezetz esaten. Beharbada gaizki esplikatu dugu, baina jendeari galdetu diegu ea zer nahi duten". Plataformak ez du sinesten herri galdeketa egingo denik, eta egitezkotan, "hauteskundeen atarian" egingo delakoan dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide