Agerraldia, atzo
(Ane Olaizola / Urola Kostako Hitza)
Gaur hasita, astearte gauero atez ate, kaleetako zutoinetatik jasoko dute errefusa. Sistema mistoa jarri aurreko egunean agerraldi bat egin dute Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak, Leire Etxaniz Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak, Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak, Esther Lizarralde alkateordeak eta Inaxio Gorosabel zinegotziak.
«Guztia martxan» eta lan gehientsuenak eginda daudela esan du alkateak. Esaterako, edukiontzi marroia irekitzeko etxebizitza bakoitzak bere txartela izango du, eta dagoeneko aktibatuta badago ere, irailetik aurrera egongo da erabilgarri. Bitartean, edukiontzia irekita egongo da. Pixoihalentzako edukiontziak, hilaren 31ra arte irekita egongo dira, eta data horretatik aurrera txartela beharko da erabiltzeko. Edukiontzi hori erabili behar dutenek plazako informazio bulegora jo behar dute. Era berean, gazteen lokaletakoei deia egin die, kubo grisak jaso ditzaten, bulegoan.
«Oso pozik eta ilusio handiz» daude aldaketaren aurrean, eta prozesuan parte hartu duten kideak eta herritar guztiak zoriondu dituzte, erakutsitako jarrerarengatik. «Oso modu egokian ari dira aldaketa jasotzen». Aurreko astean sistema mistorako materiala banatu zuten, eta alkateak azaldu du larunbaterako %85ek jasota zituztela kubo grisa, txartela eta gida. Falta direnek informazio bulegora jo behar dute.
«Sekulako jauzia» tasetan
Udala eta mankomunitatea zoriondu ditu Errazkinek, erronka garrantzitsuari «ausardiaz» erantzungo diolako Azkoitiak. Gipuzkoan, Legazpin, Ormaiztegin eta Ataunen ere sistema mistoa dutela, eta han %85etik gorako birziklapen tasak dauzkatela adierazi du. «Izugarrizko emaitza onak lortzen ari dira, eta ziur gaude Azkoitian ere sekulako jauzia emango dutela». Izan ere, Errazkinen arabera, errefusari ateak ixteak «gizalegezko eginbehar bati bidea ematen dio». Era berean, errauste plantak ekiditeko aukera bakarra birziklatze tasa altuak lortzea dela azpimarratu du.