Agurtzane Epelde Gaztedia zinegotzia eta Pello Gazteria Zerbitzuko teknikaria, agerraldian
(Ane Olaizola / Urola Kostako Hitza)
Azkoitiko Udalak hasitako Gaztien herrixe moiu ipurdixe partaidetza prozesua amaitu dute, eta haren emaitzak eta balorazioa egin dute. Abenduan hasitako prozesuarekin herriko gazteen diagnostiko kuantitatiboa eta kualitatiboa egin, lokalen egoera aztertu, elkar ezagutu eta udalaren eta gazteen artean harremanak "sendotu" dituzte. Horretarako, koadrila eta lokal desberdinetako kideak elkarrizketatu, eta gazteekin afari-topaketak egin dituzte. Era berean, udal ordezkari politiko eta teknikariekin bilerak egin dituzte, gazteen proposamenak eta eskaerak politiketan nola integratu hitz egiteko.
Azkoitiko 17 eta 22 urte arteko 670 gaztetatik 360 lagunek hartu dute parte prozesuan. Gazteen diagnostikoa eginda, proposamen batzuk egin dizkiote udalari, eta horietako batzuk jarriko dira martxan. Besteak beste, Gazte Eguna antolatzeko, gazteen ezagutzak aprobetxatuz aisialdirako tailerrak martxan jartzeko — gazteek beraiek emango dituztenak— eta ikasketa garaian edo amaitutakoan lanerako orientazio premiean daudenentzako gazteek beraiek hitzaldiak emateko lanean hasiko dira orduan. Horrez gain, zinerako bonoak egitea, lan eskaintzetarako udal mailako lan zerrenda osatzea eta estali gabeko igerilekuetan txosna jartzea ere proposatu dituzte, eta horiek ere martxan jarriko dituztela aurreratu dute. Txosna, esaterako, dagoeneko irekita dago Ugarte-Igaran. Irailean hasiko dira ekintzak zehatzak antolatzeko martxan, eta gazteek eta ekimenarekin lotutako udal teknikariek osatuko dituzte taldeak. Horrez gain, Agurtzane Epelde udaleko Gaztedia zinegotziak jakinarazi du gazteen topaketa talde handiagoa egingo dutela, ahalik eta gazte gazte gehien elkartzeko asmoz. Bertan, urtetik urtera egiten den lana aztertu, baloratu eta emaitzak aztertuko dituzte.
Udalak ekimenaren balorazio "oso positiboa" egin du. "Gazteen eta udalaren arteko elkarlanerako aurreneko zubiak ezarri dira, eta prozesuaren ondotik elkalan hori bideratzeko baliabideak eta konpromisoak hartu ditugu, eta hori oso garrantzitsua da". Dena den, gazte gehiagok parte hartzea espero zutela onartu dute. Izan ere, lokaletako gazteek elkarriezketetan bakarrik hartu dute parte, eta orain horiengana iristeko erronka dute.
Lokaletako ordezkariekin bilera, ostegunean
Hain zuzen, lokaletan elkartzen diren gazteekin bilera egingo du udalak ostegunean. Bertan, elkarbizitza hobetzeko porterak eta lokalen erabilerak izango dituzte hizpide. "Udalak, bere aldetik arau gogorrak ipini beharrean, gazteekin batera osatu eta adostutako gutxiengo arautegia" lortu nahi du. 12:30ean elkartuko dira, Elkargunean.