Azkoitia Bai, EH Bildu eta Zero Zabor taldeko kideak
(Ane Olaizola / Urola Kostako Hitza)
Azkoitiko hondakinen lan taldean sistema mistoa babestu duten taldeek— EH Bildu, Azkoitia Bai eta Zero Zabor— agerraldia egin dute, sistema berria jarri aurreko egunetan. Hilaren 22an hasiko dira sistema mistoarekin, eta hurrengo astean azken pausoak emango dituzte. Falta den materiala banatuko dute, eta edukiontzi grisak kaletik kenduko dituzte. Era berean, pardelentzako edukiontziak jarriko dituzte. Irailean, berriz, jarraipen batzordea osatuko dute, sistemak behar dituen hobekuntzak eztabaidatzeko. Taldea irekia izango da, eta norbanako, alderdi eta eragile guztiek hartu ahal izango dute parte. Besteak beste, sistema berriaren emaitzak aztertu, eta dagozkion aldaketak eta hobekuntzak erabakiko ditu. "Proposamen guztiak han aztertuko dira", agindu dute. Hala, "orain arte kanpoan geratu diren guztiei" eskua luzatu die taldean parte hartu dezaten.
"Irain eta deskalifikazioek eragin ditzaketen kalte pertsonalaz haratago", esan diren "gezur larri eta interesatuak" salatu dituzte taldeek: "Martxan jarriko den sistema atez atekoa dela esan dute, erabakia hasieratik hartuta zegoela, prozesua antzerki bat izan dela, sistema berria oso zikina dela eta herria arratoiz beteko dela, oso garestia dela…" "Gezur handiena", ordea, sistema berria "inposatu" egin dela esatea dela azpimarratu dute. Ia bi urte iraun duen prozesua eragile eta herritar guztiei irekita egon dela berretsi, eta "adostasun handienera" iristea izan dela helburua azpimarratu dute.
Hain zuzen, horren balorazioa egiterakoan, esan dutenez, "ez da erraza izan eragile guztien gustuko, eta batez ere Azkoitiarentzat egokia izango den sistema adostea, baina egin dugu". "Luze eta sakon" aztertu ondoren, eragile bakoitzak proposatutakoaren "elementuak biltzen dituen sistema" martxan jartzea erabaki dute. Gogoratu dute bi joko arau adostu zituela sistema erabakitzeko orduan: udalak plenoan erabakitako helburua lortzea bermatzen zuen sistema jartzea, eta "alde guztiek akordioa lortzeko ahaleginean", hasierako jarreratik mugitzeko prest egotea. Honen aurrean, "norbere posiziotik mugitu garenok adostu dugu erdian kokatzen den eta aukera guztiak kontuan hartzen dituen sistema. Mugitu ez direnak akordiotik kanpo geratu dira".
Sistema mistoa jartzea parte hartze prozesuaren emaitza izan dela berretsi dute. Horren aurrean, herri galdeketa egiteak zentzurik ez duelakoan dira. "Aldaketa martxan dago, eta herritarrak aukera izan behar dute sistema berria probatzeko". Azkoitia Baiko Julen Garate bozeramaileak gogoratu du hasieran herri galdeketa egitearen alde zegoela koalizioa, baina ados jartzeko aukerak "asko" izanik, taldean aukera hori baztertzea erabaki zela argitu du. "Orain galdeketa eskatzen ari direnek, [atez atekoaren aurkako] plataformako kideek, uko egin zioten bertan parte hartzeko aukerari, eta adostatutako sistemak, hala ere, kontutan hartu ditu haiek egindako eskaerak. Besteak beste, bosgarren edukiontzia txiparekin jartzea, sortzaile handiei hondakinak gaika jasotzea, zakarrontziak moldatzea, edukiontzi gehiago jartzea…".
Herriarentzat "sistema egokiena" adosteko "lan handia" egin delakoan dira, eta zentzu horretan parte hartu duten guztiak eskertu dituzte. "Orain, guztioi pausoak ematea dagokigu, sistema berriari aukera bat eman eta %70eko birziklapen tasara iristea". Emaitza onak emango dituelakoan dira, eta birziklatzen dutenentzat aldaketa txikia izango dela esan dute; "eta orain arte birziklatu ez duenarentzat hauxe da horretan hasteko aukera paregabea".