[caption id="attachment_100534" align="aligncenter" width="300"] Ikasleek proiektua aurkeztu dute, eta haren balorazioa egin dute
(Ane Olaizola)[/caption]
Iraurgi Berritzenen barruko Ezagutza Sareak proiektu berri bat jarri du martxan, bailarako ikastetxe, enpresa eta eragileekin elkarlanean. Ikasleek bailarako egoera sozioekonomikoa hobeto ezagutu dezaten, eta ekintzailetasunaren balioak barneratu ditzaten, Elkarrekin eraikitzen proiektua garatu dute, eta horien emaitzak gaur aurkeztu dituzte Azkoitiko Udaletxeko pleno aretoan.
Elkarlan publikoa eta pribatua bultzatuz egin dute proiektua, eta eragile ugarik hartu dute parte; Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, Iraurgi ikastetxeak, Xabier Munibe ikastolak, Floreaga ikastetxeak eta Urola Ikastola Azpeitia-Azkoitia BHIk izan dira proiektuan, eta orotara, 15 irakaslek, 200 ikaslek eta bailarako 30 eragilek hartu dute parte.
Ikasleen lanketa hasi aurretik, irakasleek lau hilabetetako prestakuntza saioak jaso dituzte, metodologia berrietan oinarrituta, eta han ikasitakoak ikasleengan ezarri dute gero. Izan ere, eskualdeko egoeraren berri izan dezaten, ikasleak beraiek izan dira proiektuko protagonistak. Etorkizunean, dagokien aukeraketa egiterako orduan, bailarako ahalik eta informazio gehiena izan dezaten izan da asmoetako bat. Horretarako, bederatzi kasu erreal landu dituzte ikastetxe bakoitzean, taldeka banatuta. Besteak beste, enpresa baten produktu berri baten salmenta, merkatarien salmentak igotzea, enpresa bat martxan jartzea, hotel baten plana egitea… tokatu zaie. Kasuari zegozkion lekuetara jo dute horretarako; enpresa, landa etxe, anbulatorio edo saltokietara joan, eta handik lortu dute informazioa, ondoren hori guztia landu, egituratu, proiektua garatu dute, emaitzetara jotzeko. Ikastetxe bakoitzean kasu berdinak jorratu dituztenez, gainera, kasu berdinen inguruko ikuspegi desberdinak plazaratu direla azpimarratu dute.
Iraurgi Berritzen duela lau urte hasi zen proiektua sortzen, ikasleekin ekintzailetasuna sustatzen hasteko beharrak hala bultzatuta. Egoera sozioekonomikoaren inguruan, berriz, ordura arte hitzaldiak egiten zituzten gaiaren inguruan, baina hortik haratago joan behar zela ikusita, elkarlana hasi zuten ikastetxeekin. "Uste genuen hori ez zela nahikoa, eta proiektua ekintzailetasunaren balioekin lotu genezakeela". Besteak beste, talde lana, komunikazioa eta iniziatibaren balioak landu nahi izan dituzte.
Gaur egin duten saioan, parte hartu duten irakasle eta ikasleek euren balorazioa egin dute. Guztiak gustura agertu dira proiektuarekiko, eta emaitzak baino, garrantzitsuena prozesua izan dela azpimarratu dute. Ikastetxe guztien balorazioa positiboa izan da, proiektua garatzeko hainbat oztopo izan badituzte ere. Hala nola, ordutegiak edo eragileekin elkartzeko arazoak aipatu dituzte batzuk. Dena den, "elkarlanean aritzea eta bailarako ikuspegia izatea" garrantzitsua dela azpimarratu dute.
Ikasleek beraiek ere "interesgarritzat" jo dute ekimena. Hasiera batean, proiektuaren funtsa ulertzea "zaila" egin bazitzaien ere, bailararen berri gehiago dakitela esan dute. Era berean, aurrera begira zer ikasketa egingo dituzten erabakitzeko lagungarria izan zaiela jakinarazi dute. Ikastetxeen aurkezpenak eta gero, mahai ingurua egin dute eragileek eta udal ordezkariek.