«Guztiok bat egitea izan da gakoa»

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko eka. 3a, 15:06

Izarrak bezala. Halaxe iritsi ziren atzo iluntzean Gerdau Azkoitia ISBko neskak Azkoitira, eta halaxe hartu zituzten herriko plazan bildutako dozenaka herritarrek ere. Senideen, klubeko kideen eta lagunen txalo artean, autobus batean ailegatu ziren saskibaloi jokalariak herriko plazara, azken egunetan bizi duten poza agerian utziz. Izan ere, ezustea eman dute Azkoitia-Azpeitia SB klubeko kadeteek, Espainiako Txapelketako txapeldunorde bihurtu baitira. «Bigarren postuan geratu bagara ere, urrea irabazi bagenu bezala gaude», zioten jokalariek, euren lana aitortzeko Azkoitiko Udaletxean egin zieten ekitaldian. Herritarrek ez ezik, Urrategi Alberdi eta Eneko Etxebarria Azkoitiko eta Azpeitiko alkateek, Jesus Oteiza Azkoitiko kirol zinegotziak edota klubleko arduradunek zoriondu zituzten neskak; «eskerrik asko bereziki neskak zaretelako, baita Azkoitiko eta Azpeitiko herrien izenak erabiltzeagatik eta halako maila batean uzteagatik», esan zuen Etxeberriak. Azkoitiko eta Azpeitiko taldea maiatzaren 25ean hasi zuten Espainiako Kadeteen Mailako Txapelketa, Euskal Ligako fase erregularrean lehen postuan amaitu eta zuzenean sailkatu eta gero. Taldeko entrenatzaile Luis Agirrek aitortu duenez, «ondo pasatzea eta ahal zena egitea» zen euren asmoa; «ez genuen espero finalera iristea». Baina uste baino txapelketa hobeagoa egin, eta pasa zen asteburuan finalak jokatu zituzten Tenerifen. «Zortea egin dugu, eta borroka egin dugu; oso gustura gaude». Maila horretako Espainiako Txapelketa batean finalean sailkatu den Gipuzkoako lehenengo taldea izan da azkoitiar eta azpeitiarrena, eta «Euskadikoa ere ez ote garen izango esan digute», dio harro entrenatzaileak. «Horrek ilusio berezia eragiten digu», esan dute jokalariek. Hasierako helburuak aise gainditu ditu, beraz, Gerdau Azkoitia ISB taldeak, azkenean Kanaria Handia 2014 taldeak eman badu ere garaipena (87-26). «Guztiok bat egitea da emaitza hauetara lortzeko gakoa; izen handiko taldeen aurka aritu gara, baina guk, xumetasunetik, taldean lan egin dugu», berretsi du Eneritz Larrañaga taldeko kapitainak. Txapelketari errepasoa egitean, «gogorra» izan dela azpimarratu du Agirrek; «denbora osoan borrokatu behar izan dugu». Larrañagararen arabera, «izugarrizko ezustekoa» izan zen gure taldeko lehenengo postuan geratzea. «Final zortzirenetara iritsi ginenean hasi ginen zer garen erakusten. Hortik aurrera, guztiok batera egin dugu borrokan irabazteko. Goraka joan gara pixkanaka, finalera iritsi arte». Taldeak amaitu du denboraldia, eta, aurten, gainera, Euskal Ligako Txapeldun izatea lortu dute. Jokalariek, beraz, denboraldiaren balorazio positiboa egin dute; «aurreko urteetan eduki izan ditugu gora-behera batzuk, baina aurten mantentu egin gara urte osoan zehar, eta azkenean lanak bere fruitua eman du».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide