Sistema mistoa onartuta, EAko koordinatzaileak dimisioa eman du

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko eka. 3a, 08:00

Azkoitiko Udalak hondakinak biltzeko sistema mistoa jartzea onartu zuen ostegunean egindako udalbatzarrean, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EE alderdien aurkako botoekin. Hain zuzen, EH Bilduko zinegotzi Jesus Oteizak (EA alderdikoa) sistema berria babesteak agerian utzi ditu gai honekiko EAren barruko iritzi desberdintasunak, Manuel Gabilondo Azkoitiko EAko koordinatzaileak dimisioa eman baitu asteburuan. Komunikabideetara bidalitako ohar labur baten bidez adierazi du «protesta gisa» utzi duela kargua, Oteiza zinegotziak ez duelako bete berak emandako agindua. «Batzarrak erabakia hartuta zuen ezetza bozkatzeko», gaineratu du. Oteizaren erabakia, ordea, «errespetagarria» dela esan du koordinatzaile ohiak. Oteizak berretsi egin du sistema mistoaren aurka egiteko agindu ziola Gabilondok, baina honen arabera, «Azkoitiko EAk aspalditik zekien zein zen nire jarrera; duela bi hilabete argi eta garbi uzi nuen Hondakinen Mahaiak erabakitzen zuena babestuko nuela Bilduko zinegotzi bezala». EAk «birziklapenaren aldeko apustua» egina duela eta, ildo horri jarraitu diola azpimarratu du Oteizak. «Aldatu dena Gabilondo bera izan da. Herrian sortu den giroa gainera etorri zaio, eta atzera egin du». Era berean, Hondakinen Mahaian parte hartu dutenak zoriondu ditu, eta herritarrak animatu ditu sistema berriari aukera eman diezaioten. Ikusmin handiko udalbatzarra Ikusmina handia izan zen udalbatzarrean; aretoa leporaino bete, eta sistemaren aldeko nahiz aurkako herritar ugari bertaratu ziren. Tokia mugatua zenez, batzuek plazan geratu behar izan zuten. Normaltasunez igaro zen saioa, une batzuetan plazan zeudenak txistuka aritu baziren ere. Bertaratutakoei hitza emanda, ordea, inork ez zuen hitz egiterik nahi izan. «Birziklatzea denon ardura da. Guztiok birziklatu behar dugu, eta ikasten jarraitu behar dugu», esan zuen Urrategi Alberdi alkateak. Bere ustez familia askok birziklatzen badute ere, beste askok ez, «ezjakintasunagatik, erosotasunagatik edo arduragabekeriagatik». Egungo %35eko birziklatze tasa ez da egokia alkatearentzat, «%85era iritsi daite- keenean». Herrian zabaldu diren hainbat kontu ere gezurtatu nahi izan zuen Julen Garate Azkoitia Bai koalizioko bozeramaleak: «Gezurra da atez atekoa jarriko dugula martxan: guztiok bereizten dugu zer den atez atekoa, eta zer mistoa. Eredu berria sei aldiz garestiagoa dela esatea ere gezurra da, eta kontuz ibili behar da kontu horiekin, gauden garaietan. Jendea beldurtzea da hori. Oso larria da halako gauzak esatea, gezurra denean». Zentzu horretan,udalak hondakinen tasa igoerarik handiena 2008an egin zuela gogoratu zuen; «%33 igo ziren, plenotik pasatu gabe». Era berean, Alberdik eta Garatek gogoratu zuten EAJ izan zela Legazpiko eredua (Azkoitian onartu dena) martxan jartzea proposatu zuena. Udaleko talde guztiek eredu aldaketaren alde egin badute ere, bide horretan ez dute ados jartzerik izan. Sistema ereduaren aurka bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk. EAJren ustez kontrol sistema jarriz— txipa, esaterako—, eta «nork, non eta noiz birziklatu duen ikusita», birziklatze tasa igo daiteke. Organikoen edukiontziak herrian zabaltzeak edo bakoitzak sortu eta bereizten duenaren araberako tasak jartzeak ere hori lortuko duelakoan dira. PSE-EEko bozeramale Miguel Reimundezek ere sistema mistoa arbuiatu zuen. «Kontrolaren bidez gauzatu nahi duzue, gaizki egiten duena zigortuz. Baina heziketarekin ahaztu zarete, eta hori ez da demokratikoa, ezta bideragarria ere». Eredu berria «higienearen aurkakoa eta antiestetikoa» izango da. Erabakia urtebete atzeratzea proposatu zuen, bitarte horretan herritarrak formatu daitezen. Txosten ekonomikoak egin dituzten teknikarien eta enpresen lana kolokan jarri zuen, «ez direlako inpartzialak». Udal gobernuak adierazi zuen %70eko birziklatze tasara iritsiz gero, sistema mistoarekin 148.000 euro aurreztuko dela, eta datu horiek «kontrastatuta» daudela azpimarratu zuen. Alde Zaharrekoek errefusa uzteko azoka plazako lokal bat egokitzea proposatu zuen udalak, hango bizilagunen egoera «berezia» delako. Proposamenarekin desados agertu dira, ordea, hainbat merkatari eta herritar. Horregatik, azkenean bertan behera utzi zuten azoka plazako lokal bati erabilera aldatzeko bozketa, udal gobernuak berak eskatuta. Hondakinen inguruan sortu den giroa dela eta, herritarrek eta eragileek «arduraz eta modu eraikitzailean» jokatu dezaten eskatu du udalak, aho batez. Duela bi aste, atez atekoaren aurkako taldearen bileran gertatutakoa «gogor salatu du» udalak, adierazpen baten bidez. Bertan azaldu dutenez, Julen Garate eta Urrategi Alberdi bilera irekira joan ziren «hondakinen kudeaketaren inguruan beharrezkoak ziren azalpenak emateko prestutasun osoz». Aldiz, «hitza ukatu» eta «irainka erasotu» zituztela adierazi zuen Esther Lizarralde alkateordeak; «han gertatutakoa ez da gizalegezkoa». Halako gertaeren aurka «lehen eta orain» egon direla adierazi zuen EAJk. PSE-EEk, berriz, honakoa esan zuen: «Adierazpen askatasunaren edozein urraketa delitu oso larria da. Ez du inongo justifikaziorik, baina gaitzespenak zabalagoa behar du izan».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide