Ikasleak eta Urrategi Alberdi alkatea eta Amaia Argarate ingurumen teknikaria, gaur, udaletxean
(Ane Olaizola)
Eskolako Agenda 21-ek aztarna ekologikoa aztertu du aurtengo ikasturtean, uraren eta energiaren kontsumoa ardatz hartuta. Xabier Munibe ikastolako DBHko eta Floreaga ikastetxeko 859 ikaslek lan desberdinak egin dituzte horren inguruan, eta herriaren azterketa egin dute. Guztia osatuta, ikasleek honako konpromisoak hartu dituzte; lagunekin oinez joatea ikastetxera, ur gutxiago gastatzeko neurriak hartzea, argi naturala ahalik eta gehien erabiltzea, kontsumo baxuko edo led bonbilak erabiltzea edota garraio publikoa erabiltzea.
Udaletxean egin duten agerraldian plazaratu dituzte konpromiso horiek, eta udalak beste hainbat neurri hartu ditzan eskatu diete Urrategi Alberdi alkateari eta Amaia Argarate ingurumen teknikariari. Hala nola, leku publikoetan led argiak eta ura murrizteko sistemak jartzea, iturrietan pultsadoreak jartzea, ibaia garbitzeko kanpaina antolatzea, energia berriztagarria sortzeko gailuak ezartzea eta ikastetxetako sarrera-irteeretan autoak ibiltzea debekatzea eskatu dute. Horien inguruan, udalak erantzun du aurrerantzean egiten dituen urbanizazio berrietan led bonbilak jarriko dituela. Iturriei dagokienez, gauez, zortzi orduz iturriek urik botatzen ez dutela gogoratu dute. Era berean, urtea amaitzerako sakagailuak jartzeko asmoa azaldu dute. Irailean, berriz, ibaiak garbitzeko asmoa dutela gaineratu du udalak; herriko eragile, ikastetxe eta erakunde desberdinen artean, bakoitzak ibaiaren zati bat hartu eta auzolanean egitea aurreikusten dute.
Altzibar auzoko autoen garbitokia doako zerbitzua ez izatea ere eskatu dute ikasleek. Horren inguruan, Alberdik esan du arazo ugari ematen dituela garbitokiak, besteak beste jendeak hodiak lapurtu edota ura nahibeste erabiltzen duelako. Hala, irtenbidea aztertzen ari direla adierazi du udalak.