Inaxio Gorosabel zinegotzia, Urrategi Alberdi alkatea eta Esther Lizarralde alkateordea, gaur, prentsaurrekoan
(Ane Olaizola)
Auziz betetako sozietate publikoa da Azkoitia Lantzen: Oinartxoko zabortegiko eta Intxausti eta Txalon Errekako urbanizazio proiektuen auziez gain, baditu beste hainbat afera. Erakundearen beraren aurkako bigarren prozedura judiziala ireki du Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak, berriro ere 2004 eta 2009 urte arteetan egindako kudeaketa kolokan jarriz. Urte bitarte horietan Txalon Erreka eremuan egin ziren salerosketak ikertuko ditu Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak, Estatuko Ministerio Fiskalak hala eskatuta. Auzoko 9.1 eta 10.1 partzeletan egindako operazietan «irregulartasun» zantzuak aurkitu ondoren hasi dute ikerketa, ustezko urraketak argitu eta erantzuleak aurkitzeko. Hain zuzen, «fondo publikoak bidegabe erabiltzea, iruzurra egitea eta dokumentuak faltsutzea» delituak ikertuko ditu Azpeitiko epaitegiak. Asier Aranbarri orduko alkatea eta Azkoitia Lantzen-en lehendakariak ustezko delitu horiengandik bereizi du bere burua, eta ukatu egin du halakorik izan zenik. «Lasaitasun osoa» duela esan du.
Udalak atzo eman zuen prozedura judizialaren berri, baina iazko azarotik dago abian ikerketa. Salerosketa berak ikertuko ditu Azpeitikoak, Espainiako Kontu Ikuskaritza ere ari baita Txalon Errekako orduko operazioak aztertzen; joan zen urteko azaroan abiatu zuten lehenengo prozedura judiziala, operazio haietan «irregulartasun zantzuak» ikusi ondoren. Izan ere, epaimahaiak orduan ebatzi zuen Azkoitia Lantzen-ek Txalon Errekako industriagunean 6,6 eta 3,4 milioi eurotan bi sail saldu zituela, eta eragiketa hori justifikatuko lukeen «administrazio espedienterik gabe» eta prezioa zehazteko «balorazio txostenik gabe» egin zuela operazioa.
«Egoeraren larritasuna» ikusita, Azkoitiko udal gobernuak adierazi du ikerketa «azken muturreraino» eramateko «beharrezko pausoak» ematea erabaki duela. Besteak beste, bi auzitan pertsonatuko da, eta hil honetan egitekoak diren udalbatzetan aurkeztuko du instrukzio horietan pertsonatzeko proposamena. Lehenengo udalbatzarra gaur bertan izango da, 19:00etan. Horrez gain, hilaren 22an Espainiako Kontu Ikuskaritzara joango da udala, deklaratzera.
Ukatu eta bereizi
Aurre-diligentziak dira bi epaitegiek hasi dituztenak; Espainiakoak kontabilitate delituak aztertuko ditu, eta Azpeitikoak penalak. Delitu zantzuak aurkituz gero, ekintzen arduradunak auzipetu ditzakete.
Hain zuzen, Asier Aranbarri izan zen Azkoitiko alkate eta Azkoitia Lantzen-en lehendakari urte bitarte horietan. Aranbarrik, «EAJren izenean», ukatu egin du deliturik izan zenik, eta kasua artxibatu egingo delakoan da. Horrez gain, «jakinarazpen zuzenik» jaso ez duela eta, berarekin ez doan kontua dela esan du, eta «harridura» agertu du auziarekiko: «Batetik, Azkoitia Lantzen-en erabaki guztiak hango administrazio kontseiluan hartu dira, eta udalekoak plenoan. Bietan jende bera dago; beraz, ezinezkoa da Azkoitia Lantzen-ek zerbait jakitea, eta udalak ez».
Txalon Errekari zegozkion erabakiak «kontrako informe teknikorik gabe» hartu zirela azpimarratu du: «Idazkariak ez zuen inolaz adierazi gauzak gaizki egiten ari zirenik. Are gehiago, Txalon Errekako eremuaren inguruan ezker abertzaleak berak alde bozkatu zuen», gaineratu du.
Egungo udalaren kontra egin du alkate ohiak; «duela bi urte firmatu ziren eremu horiei dagozkien eskriturak, Bildu zegoenean alkatetzan; beraz, historia ez dut nik amaitu». Era berean, esan du urte horietako ordezkariei «hitzik eman gabe» ari direla azalpenak ematen. Prozeduraren berri Pello Bastarrika alkatearen dimisioaren ondotik ematea, berriz, «susmagarritzat» jo du. Honen ustez, «gauzak argitzeko borondaterik ez dago». Azkoitiko udal gobernuak, berriz, egoeraren irakurketa egin du. Afera judizialetan «zuzentasunean eta gardentasunean oinarritutako politika» lehenetsiko dutela adierazi du Urrategi Alberdi alkateak: «Ez dugu sinesten handikerietan eta espekulazioan oinarritutako politiketan, eta enpresa publikoaren filosofiarekin ere ez dugu bat egiten, baina azkoitarrek ahalik eta kalte gutxien jasateko, sozietatearen egoera bideratzeko kudeaketak egiten jarraituko dugu, agintaldiaren hasieratik bezala».