Gaur ekingo dio aurtengo hitzaldi zikloari Bizenta Mogel Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko mar. 26a, 09:15

Bizenta Mogel Elkarte sozio-kulturalak hitzaldi ziklo bat antolatu du urtero legez. Hala, gaur hasi eta apirilaren 2ra arte hiru hitzaldi eskainiko dituzte. Gaur Eli Carrasco nutrizionista ariko da hizketan, dietei eta proteinei buruz. Datorren asteartean, apirilak 1, Gurutz Linazasoro neurologoak garunaren osasuna mantentzeko moduei buruz hitz egingo die entzuleei eta, hurrengo egunean, apirilaren 2an, asteazkena, Miren Azkarate Euskal Filologian doktoreak, aniztasuna eta hizkuntza politikak izango ditu hizpide. Hitzaldi guztiak Elkargunean izango dira, 15:30etik aurrera. Bestetik, hilaren 15ean, asteartez, txango bat antolatu dute Bilbora eta Busturialdera; Urdaibaiko bihotza, Madariaga Dorrea eta Euskadiko Biodibertsitate Zentroa ezagutu ahal izango dituzte izena ematen dutenek. Irteera 14:00etan izango da. Txangorako lekuak baino lagun gehiagok izena emango balute, aurretik hitzaldietara gerturatu direnek izango dute lehentasuna. Prezioari dagokionez, izena ematen duten jendearen araberakoa izango da. Barne hartuko ditu autobusaren kostua eta Biodibertsitate Zentrorako sarrera. Mende laurdeneko ibilbidea Bizenta Mogel Elkartea duela 25 urte sortu zuten herriko emakume batzuek, herriko kultur eskaintzari euren ekarpena egiteko. Hala, duela mende laurdenetik, urtero-urtero antolatu izan dituzte hitzaldiak. Mende laurden beteta, hitzaldi bereziak antolatu nahi izan dituzte, «izen bereziko hizlariak» ekarriz. Hala, beste aldiren batean parte hartu izan duen Eli Carrasco herriko nutrizionista eta erizainaz gain, Gurutz Linazasoro neurologo ospetsua gonbidatu nahi izan dute. Parkinsonaren eta mugimenduaren gaitzetan aditua da eta, besteak beste, Inbiomed zentroko lehendakaria da; hainbat liburu argitaratu du. Miren Azkarate da beste gonbidatu berezia, Euskal filologian doktore eta katedraduna da, EHUko irakaslea, euskaltzain osoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izandakoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide