Bastarrika, erdian, dimisioaren berri ematen; haren ezkerrean Urrategi Alberdi, datorren alkatea
(Ane Olaizola)
Pello Bastarrika Azkoitiko alkateak (EH Bildu) kargua utziko du ostegunean, osasun arrazoiek eraginda. Alkateak gaur egin du agerraldia pleno aretoan, ondoan koalizioko kideak eta udal ordezkariak zituela. Azpeitiko Bilduko udal ordezkariak ere izan dira aretoan. Azkoitiko Udalbatzak ostegunean egingo du osoko bilkura, eta han utziko du kargua; Urrategi Alberdi zinegotziak hartuko du bere postua, hurrengo astean egingo duten beste pleno batean.
Alkate karguari uko egitearen arrazoi bakarra daukan osasun arazoa izan dela berretsi du: «Ez dago beste arrazoirik». Hainbat hedabidek argitaratutako informazioa gezurtatu du Bastarrikak. «Azpi jokoa» erabilita, «erabat faltsuak eta politikoki interesatuak» izan direla gogor salatu du. Bere erabakiak hondakinen gaiarekin zerikusirik ez duela argitu, eta hondakinen mahaiak egindako lana goraipatu du. Dena den, zenbaitek gaia «herriarekin pentsatu gabe, eta populismo hutsean» oinarrituta erabili dutela salatu du.
«Nire erabakiaren atzean ahultasuna dagoela transmititu nahi izan dute hedabide batzuk, baina ahultasun bakarra jasaten ari naizen osasunarena da». Arazo horiek 2013ko abendutik dituela argitu du, eta ondorioz libre hartu behar izan dituen «sei egunak» opor egunetatik hartu dituela esan du: «Bestelako jai egunak nire oporraldikoak izan dira. Alkate lanetan daramazkidan hiru urte hauetan ez naiz oporrei begira egon». Finean, «hedabideek pertsonekin jolastu izana» gaitzetsi du: «Pertsonok, gutxiengo begirune bat merezi dugu».
Erabakia «asko kostatutakoa» eta «pena handiz» hartutakoa izan da, baina horretara behartuta dagoela esan du: «Alkate karguak indarrez osatuta egotea eskatzen du. Agian, oraindik baditut indarrak, baina etorkizunerako guztiz kaltegarria izan daiteke eta arriskuan jarriko nintzateke». Ondorioz, herritarrentzat ere «kaltegarria» izango litzatekeela dio.
«Handikeriaren herentzia»
Hondakinen gaiak ez bezala, dituen osasun arazoak Azkoitia Lantzenek aurreko agintaldietan egindako operazioen ondorioz sortu zaizkiola azpimarratu du, sozietate publikoaren egoerak eragin baitio lanik gehien. Bastarrikaren arabera, «handikerietan eta higiezinen burbuilan oinarritutako politikaren porrotaren ondorioen aurrean» topatu ziren agintaldia hasi zutenean. Honen esanetan, 2005etik aurrera egin ziren «aurreikuspenik gabeko salerosketak» eta konpromiso urbanistikoak «ez daude inondik inora justifikatuta». Zentzu horretan, EAJren kudeaketa eta jarrera «tamalgarritzat» jo ditu: «Utzitako egoera penagarria aprobetxatu nahi izan dute beraien mesederako. Lagundu beharrean, herriaren alde lan egin beharrean, oztopoak jartzeari ekin zioten hasieratik. Ez dut uste hori Azkoitiaren aldeko lana egitea denik; ez dut uste hori politika egitea denik». Alkatearen ustez, oposizio eraikitzailea mesedegarria da, eta «herria eraikitzen du». «Aldiz, ·oposizio suntsitzaileak eta gezurretan oinarritutakoak kalte handiena herriari eragiten dio».
Udalaren eta Azkoitia Lantzenen zorren eta auzien eraginez, «uste baino lan zailagoa» izan duela aitortu du Bastarrikak. Dena den, «egoerari buelta eman» eta iazko urtea balantza positiboarekin amaitu zutela gogoratu du; udala eta Azkoitia Lantzen duela hiru urte baino «txukunagoa eta onbideratuagoa» dagoelakoan da. «Oztopoak oztopo, egin dugun lan deskarga izugarria izan da, nahiz eta udalaren interesak babestearren behar bezala plazaratzeko zailtasunak izan ditugun batzuetan».
Poza eta ohorea
«Une gogorrak, zailak eta eguneko 24 orduko jardunaren exijentzia fisikoa eta psikikoa ordaindu ditut. Baina nire herriari esfortzu eta sakrifizio handiz eskaini dizkiodan lanak barneratu didan poza neurekin daramat». Hala, alkate izatea «ohorea» izan dela esanez agurtu da Bastarrika. Zortea eta animoak helarazi dizkie udaleko lan taldeei eta zinegotziei, eta Azkoitiaren «ordezkaritza nagusia» beregan fidatu eta «egunerokotasunean babesa eta animoak» eman izana eskertu die.