Azkoitiko XXV. Kultur Jardunaldiek erlijioa eta kultura izango dute ardatz

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko mar. 5a, 15:38

Juan Carlos Perezek irekiko ditu jardunaldiak, bihar
(Juan Carlos Perez) Azkoitiko Floreaga ikastetxeak eta Guraso Elkarteak udalaren babesarekin antolatzen dituzteen Kultur Jardunaldiek hogeita bost urte beteko dituzte aurten, eta urteurrenean hiru hitzaldi eta bertso saioa izango dituzte, kultura eta gizarte gaiak ardatz hartuta. «Aurtengoa urtemuga berezia da, borobila. Horregatik, egitarau interesgarri eta aberatsa moldatzen saiatu gara, eta hitzaldi erakargarriak oso maila altuko hizlariak izango ditugu gure artean», adierazi dute antolatzaileek. Juan Carlos Perez konpositore eta musikariak zabalduko du ekimena, bihar. Azkoitiko bizilagunak bere 40 urtetako musika ibilbidea azalduko du, Itoiz taldea sortu, Bitacora Cahiera, Atlantic River edota Quatuor taldeetan aritu eta antzerki, zinema eta telebistarako musika konposatzeraino. Era berean, beretzat «oinarrizko abestiak» izan direnekin uztartuko du saioa. Erlijioa eta gizarte ikuspegia ere jorratuko dute jardunaldietan. «Kristau eskola izanik, badakigu gurasoek interesa dutela gai horrekiko. Aurreko urteetan ere ikusi dugu jende gehiena hitzaldi hauetara etortzen dela», adierazi du Juan Inazio Sudupe antolatzaileak. Juan Jose Etxeberriak eta Juan Maria Uriartek landuko dituzte erlijio gaiak. Lehenengoa Jesusen Lagundiko Loiolako Probintziala da, eta bere ustez erlijioak gizartean zer eragin duen plazaratuko du hitzaldian; «Loiolako Inazioren familia espiritual handiaren ekarpena eta Frantzisko Aita Santu jesuitak duen eragina kontuan hartuko ditu». Uriartek, berriz, Elizak bakegintzan egin duen ekarpena aztertuko du; teologian eta psikologian aditua eta Donostiako Gotzain emeritua da; Bilboko Seminario Erretorea eta Zamorako Gotzaina izan zen aurrez. Euskal Herriko bakegintzan «lan handia» egin duela azpimarratu dute antolatzaileek. Besteak beste, bitartekari gisa aritu zen Jose Maria Aznarren legealdian. Urtarrilean, berriz, Sabino Arana fundazioaren saria jaso zuen. Bertso saiorako izen ematea «Punta-puntako» bertsolarien bertso saioarekin amaituko dute egitasmoa. «Hiru txapel eta hautagaia» izango direla azpimarratu dute, oholtza gainean izango direlako Amets Arzalluz, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Jokin Uranga. Saioa doakoa izango da, eta antolatzaileek herritarrei dei egin die txartelak lehenbailehen eskuratu ditzaten. «On Bosco aretoan egiteko asmoa dugu, baina arriskua dago txiki geratzeko. Horregatik, komeni da jakitea zenbat lagun joango diren». Izenak orain hasiko dira jasotzen, eta txartelak hilaren 17tik aurrera banatuko dituzte. 943853043 telefonoan edo administrazioa@floreaga.com helbidean eska daitezke. Saio guztiak euskaraz, doakoak eta herritar guztientzat irekiak izango dira. EGITARAUA:
  • Martxoak 6, bihar. 20:00,etan, Nire esperientzia musikala (1974-2014), Juan Carlos Perezen eskutik, Floreaga ikastetxeko On Bosco aretoan.
  • Martxoak 13, osteguna. 20:00etan, Elizaren eragina gaurko gizartean, Juan Jose Etxeberria Sagastumerekin, Floreaga ikastetxeko On Bosco aretoan.
  • Martxoak 20, osteguna. 20:00etan, Kristau ekarpena gizartearen bakegintzan, On Juan Maria Uriarterekin, Floreaga ikastetxeko On Bosco aretoan.
  • Martxoak 27, osteguna. 20:00etan, bertso saioa, Amets Arzalluz, Jokin Uranga, Maialen Lujanbio, Andoni Egañarekin, On Bosco aretoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide