Jon Ander Agirre, Borja Barquero eta Miren Senperenea, proiektuko partaideetako hiru
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Gazte Informazio Bulegoak Antena eta Korrespontsal izeneko proiektua jarri du abian herrian, eta egitasmo horren bidez herriko nerabeak lanean dabiltza azken hilabeteetan, informazioaren eta komunikazioaren inguruko ezagutzak modu praktikoan barneratzeko; hamabi eta hamabost urte bitarteko bost lagunek hartzen dute parte Azkoitiko proiektuan; Miren Senperena, Borja Barquero, Jon Ander Agirre, Ailen Aginagalde eta Ariane Eskudero dira horiek.
Ikasturte hasieran hasi zuten proiektua: «Lanak egitera etortzen nintzen GIBrera, eta proiektuan parte hartzeko prest al nengoen galdetuta, baiezkoa eman nien», esan du Barquerok. Informazioa herriko ikastetxeetan ahalik gehien zabaltzeko asmoz, ikastetxe eta eraikin desberdinetan dabiltzanei proposatu, eta halaxe hasi zuten lanketa nerabeek. Gazte Informazioaren dinamizazio estrategiaren barruan abiatu dute proiektua, gazteak informazioa hedatzen aritu daitezen. Horretarako, nerabeak eta gazteak ibiltzen diren lekuetan, hau da ikastetxeetan, panelak jarri eta gazteen esku uzten dituzte interesgarriak izan daitezkeen albisteak. «Antena lanetan aritu gara orain arte; gehienetan GIBen ematen digute informazioa, eta ikastetxeetara bideratzen dugu hori. Hango paneletan jartzen ditugu kontuak, eta eguneratu egiten dugu panela», esan du Senpereneak. GIBen emandako informazioa ez ezik, nerabeei interes- garria iruditzen zaien informazioa ere jartzen dute paneletan.
Agirreren arabera, gazteei gehien gustatzen zaien gaien berri ematen dute: «Kontzertuen, filmen nahiz asteburuko ekitaldien inguruko informazioa zabaltzen dugu; orain, esaterako, Inauterietako festen berri eman dugu. Jendeak asko begiratzen ditu albiste horiek». Orain, berriemaile gisa hasiko dira formatzen; «berriemaile izanda, geuk daukagun informazioa Gazte Informazio Bulegora eramango dugu, eta han zabaldu egingo dute», adierazi du Senperenak.
Eskubideak eta ardurak jaso
Azkoitiko Gazte Informazio Bulegoko arduradunen arabera, egitasmoaren bidez nerabeak informazioa erabiltzen trebatzen dira, eta ardurak hartzen dituzte. Gainera, gisa honetara, informazioa gazteengana errazago iristen dela azpimarratu dute. Proiektua gazteen onurarakoa ere badela azpimarratu dute; besteak beste, gazteek informazioa jasotzeko duten eskubidea eta horien berdintasuna bermatzen duelako.
Informatzaile gazteek jakinarazi dute egiten duten lana gustukoa dutela; «asko ari gara ikasten informazioaren eta komunikazioaren inguruan». Jasotzen ari diren esperientzia gerora baliagarria izango zaien arren, heldutan kazetari izan nahi al duten galdetuta, batek baino gehiagok bekozkoa jarri du.