Azkoitiko gazteen beharrak ezagutzeko prozesua hasi du udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko ots. 7a, 17:31

Gaur aurkeztu dute prozesua udal ordezkariek, Nola enpresak eta gazteek
(Ane Olaizola) Gaztien herrixe, moiu ipurdixe prozesua aurkeztu berri dute Azkoitiko Udal ordezkariek eta herriko hainbat gaztek. Udalak, duela bi urte hasitako Danon Herrixe prozesuaren bidea "gazteekin indartu" nahi izan du orain, eta hortik abiatuta abiatu dute ekimena, 17 eta 22 urteko gazteek dituzten beharrak ezagutu eta handik abiatuta egin ditzaten "gazteei zuzendutako politika integralak"; "gazteen ohiturak aldatu egin direla ohartu gara. Esaterako, orain gehienak lokaletan elkartzen dira, eta erakundeok, politikak egiterako orduan, gazteen egoera berrira egokitu behar dugu". Gazteen beharrak entzun, eta eurei dagozkien kontuak "gazteekin batera" kudeatuko dituela adierazi du udalak. Azkoitiko gazteen diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboa egingo dute, eta prozesu horretan gazteek parte hartu ahal izango dute. Era berean, herriko gazteen lokalen egoerak ezagutuko ditu udalak, horien gaineko araudi bat prestatu dezan. Horretarako, gazteak elkarrizketatuko dituzte, lokaletan egoten direnak nahiz gainontzekoak. Irakasleekin, udal teknikariekin eta kale hezitzaileekin ere egongo dira harremanetan, diagonistikoa osatu dezaten. "Zenbat lokal dauden, nolako lokalak diren, zenbat gazte dauden lokaletan, sexuen arabera banaten al diren eta zer ohitura dituzten jakin nahi dugu". Ondoren, bilerak egingo dituzte gazteekin. Martxoaren 14an eta 18an afari-topaketak egingo dituzte, 19:00etan, Elkargunean. Gazteek elkarren berri izan eta zer interes eta behar dituzten esateko aukera izango dute lehenengo bileran; bigarren saioan, berriz, aurreko saioan egindako ekarpenak nola eraman aurrera jorratuko dute. "Gure beharrak plazaratzeko gune aproposa izango da, bertan egongo baitira udal ordezkariak", adierazi dute gazteek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide