Zarauzko eta Azkoitiko ertzain-etxeak kudeatzeko sistema berria behin betikoa izango da

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko abe. 19a, 04:00

Maiatzean dozenaka ertzainek elkarretaratzea egin zuten Azkoitiko ertzain-etxe aurrean, Eusko Jaurlaritzak hango eta Zarauzko ertzain-etxeak bateratzeko asmoa duela salatzeko (Ane Olaizola/Hitza) Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi du Azkoitiko eta Zarauzko ertzain-etxeen Kudeaketa Partekatuaren egitasmo pilotua behin betikoa izango dela. Proiektuaren emaitzak eman zituen astelehenean, eta orain artekoa «positiboa» izan dela ebatzi zuen. Dena den, «ondorio erabakigarrietara» iristeko «doikuntzak eta denbora gehiago» behar direla argitu zuen. Esperientzia pilotua uztailean jarri zen martxan Azkoitiko eta Zarauzko ertzain-etxeetan, eta azaro amaiera arte egon zen indarrean. Bi etxeek eskaintzen dituzten «zerbitzuak hobetzea» izan du helburu egitasmoak, horiek hartzen dituzten herrien eta «ezaugarri geografiko, demografiko eta sozio-ekonomikoen beharretara» egokituta. Urolak kudeaketa bateratu egingo dutela aurreratu zuen, eta «emaitzak kontuan hartutan, neurria behin betikoa» izango dela hala. Segurtasun sailburuaren arabera, sistema honen bidez, iazko uztailetik azaroa bitarteko epean poliziak 800 ordu gehiago aritu dira patruilatzen, eta «prebentzio ekintzak» egiten. Horrez gain, jakinarazi zuen delituen aurrean denbora gutxiago behar izan dutela ertzainek gertaeren lekuetara joateko. Dena den, errepideetako istripuei erantzuteko behar izan duten denbora hobetu egin behar dela adierazi du. Beltran de Herediaren arabera, ezinbestekoa da egitasmo pilotuarekin gutxienez beste urtebetez jarraitzea, emaitzak atzertzeko denbora gehiago behar duten kontuak «egokitzeko». Era berean, sistema hori gainontzeko eskualdetara hedatzeko aukeraren aurrean «zuhurtzia» eskatu du. Bi ertzain-etxeak bateratzeko Jaurlaritzak duen asmoaren aurrean, ertzainek hainbat protesta saio egin dute azken hilabeteetan, bi herrietan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide