(Hitza) Gure ikurren aldeko herri ekimenak ikurrinaren eta euskal ikurren aldeko egistamoa prestatu du larunbaterako, Azkoitian guk geureak izenpean. Azkoitiko Napar Susterrak taldeak sustatuta, herriko zenbait eragileren eta norbanakoren artean antolatu dute ekitaldia, ikurrina aldarrikatu eta omentzeko. Espainiako banderaren aferaren ondotik prestatu dute egistamoa, baina hura salatu baino, «mezu positiboak» helarazi nahi dituzte antolatzaileek. «Azkoitiko udaletxean Espainiako bandera jarri izana da egitasmoa sortzeko arrazoi nagusia, baina larunbatean, ezeren kontra joan gabe, modu positiboan nahi ditugu ospatu gure ikurrak». Egitarau «sinplea» prestatu dute etzirako. Besteak beste, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar, eta ondoren ekitaldia egingo dute, euskal dantzekin, musikarekin eta bertsoekin osatuta. Egun horretan balkoietan ikurrinak eta euskal ikurrak jartzeko deia egin diete herritarrei. «Azken hamarkadetan asko galdu da balkoietan ikur horiek jartzeko ohitura. Normalizatzen joan diren heinean galdu dela uste dugu. Beraz, herritarrek ikurrok berriro kalera atera ditzaten nahiko genuke». «Guztion gaia» Antolatzaileek nabarmendu dute herritar eta elkarte askoren artean prestatu dutela egitasmoa. «Udaleko dinamikatik urrundu, eta kalera atera nahi izan dugu. Elkarlanean prestatu dugu, uste dugulako gaia guztiona dela». Etziko saiorako sortu dute Gure ikurren aldeko herri ekimena. «Ekimen puntuala izango da». Hala, ez dute aurreikusten aurrera begira gehiago antolatzea. Azkoitiko Udalak, bere aldetik, egitasmoarekin bat egin du, eta gonbidatu gisa parte hartuko duela aurreratu du. «Euskal Herriak geure ikurren alde egin eta ikur horiek defendatu behar dituela uste dugu, eta, horregatik, udaleko ordezkaritza han izango gara gainerako herritarrekin batera», adierazi du.
- EGITARAUA: Abenduak 14, larunbata.