"Justizia, oroitzapena, egia eta konponbidea" aldarrikatu dute 'Kattu'-ren senideek eta lagunek

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko abe. 6a, 12:57

  Katturen senide eta lagunak, atzo, agerraldian
(Ane Olaizola) Abenduaren 19an 30 urte beteko dira Ramon Oñederra Kattu  azkoitiarra hil zuela GALek, eta urteurrenaren atarian "justizia, oroitzapena, egia eta konponbidea" eskatu dute haren senide eta lagunek. Atzo arratsaldean egin zuten agerraldia hainbat herritarrekin batera, eta Espainiako Estatuak "egindako kaltea" ordaindu dezala eta "horrelakorik berriro ez gertatzeko bermeak" aldarrikatu zituzten. Izan ere, gogoratu zuten inork ez duela Katturen hilketaren zigorrik jaso. Urteurrenarekin bat, Kattu omenduko dute datozen egunetan Azkoitian. Ohi bezala, Katturen Oroimenezko Xake Txapelketa egingo dute. Hilaren 19an, gerra zikinaren inguruko hitzaldia eskainiko dute Mikel Aramendik eta Karmen Galdeanok, 19:00etan, Elkargunean. Azkenik, hilaren 22an ekitaldi politikoa egingo dute 12:30ean, plazan. 1983. urteko abenduaren 19an, GALeko mertzenario talde batek tiroz hil zuen azkoitiarra, Baionako Kayetenian, lan egiten zuen tabernan. Askapenerako Terrorismoaren Aurkako Taldearen lehenengo hilketa izan zen, eta orduko testuingurua ekarri dute gogora senide eta lagunek: "Espainiako Estatuaren indarkeriak gogor kolpatzen zuen Ipar Euskal Herria. Gogoan ditugu Segundo Marey, Jose Mari Larretxea eta Joxi Zabala eta Joxean Lasaren bahiketa, torturak eta erailketa". 1997an zabaldu zuten Oñederra sumarioa, eta besteak beste Felipe Bayo, Enrique Dorado eta Rodriguez Galingo guardia zibiliak eta Jose Luis Corcuera eta Rafael Vera politikariak auziperatu zituzten. "Felipe Gonzalezen izena ere ez zebilen urruti", adierazi dute. "Ez alferrik ordea, estatua esku zabala da bere morroiekin". Izan ere, 2003. urtean auzia artxibatu egin zuten, frogarik ez zegoelakoan.  "GALeko arduradun guztiak kalean" daudela salatu dute, eta justizia eskatu dute horren aurrean. "Memoriaren eta egiaren premia" ere azpimarratu dute Katturen gertukoek: "Memoria aldarrikatzen dugu, gure senide eta lagunez oroitzen garelako, memoriak egiten gaitu historiaren parte. Historia benetakoa izan dadin beharrezkoa dugu egia jakitea". Gatazka politikoaren eta bere ondorioen inguruko "egia osoa" behar dutela berretsi dute, "beste behin ere gure herriaren historia besteek ez diezaguten kontatu". Salatu dute Espainiako eta Frantziako estatuek "euskaldunon aurkako indarkeria mendeetan" erabili dutela. "Gerra ezkutua eta gerra zikina, errepresio bide guztiak erabili dituzte hizkuntza, kultura, nazio kontzientzia, eta nola ez, erresistentzia itzaltzeko. Azken belaunaldiek ez dugu bakerik ezagutu". Era berean, "zenbaitek gatazka bat izan dela eta indarkeria bi aldeetan egon dela onartzeari uko egin diote", esan dute. Hain zuzen, gatazka politikoari "bidezko konponbidea" emateko erabateko konpromisoa agertu dute. "Gatazkaren arrazoiak eta ondorioak politikoak direnez, akordio politikoa eta demokratikoa ahalbidetuko duen konponbidea lortzeko lan" egingo dutela agindu dute. "Elkarbizitza eta eskubide guztien onarpena eta gauzatzea ahalbidetuko duen konponbidearen alde egingo dugu lan, konponbidea baita berme bakarra jasandako bidegabekeriak eta mina errepikatu ez daitezen. Akordio politikoak konponbide justua eta partekatua zehaztuko du. Ondorengo elkarbizitza demokratikoak ahalbidetuko du bakea".    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide