Besteak beste, 50 oher berri jarri dituzte San Jose egoitzan
(Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udalak hainbat lan egin du azken hilabeteetan herriko leku desberdinetan, eta horietako bat izan da San Jose egoitzako eta eguneko zentroko azpiegiturak eta zerbitzuak egokitzea. Besteak beste, 50 ohe berri jarri dituzte, «egoiliarraren beharretara hobeto egokitzeko». Psikogeriatria sailean eta egoitzaren eremu zaharrean jarri dituzte oheak, udalaren arabera, hango erabiltzaileek dutelako «premia gehien».
Horrez gain, gizarte laguntzaileentzat bulegoa jarri dute, zerbitzua «hobeto» eskaini dezaten. Lurra ere berritu dute, eta jakinarazi dute hasi direla logeletako gau mahaiak aldatzen. Urtea amaitzerako bukatzea espero dute. Ohe estalkiak eta gortinak ere aldatuko dituzte. Hurrengo urtean, berriz, beste hainbat hobekuntza egingo dutela iragarri dute; hala nola, uda baino lehen aire egokitua jarriko dute egoitzako gune guztietan. «Jakina da beroak bereziki eragiten diela adinekoiei, eta horri aurre egiteko egingo da inbertsio hori». Era berean, bigarren solairuko jangelako mahaiak eta aulkiak eta sukaldeko tresnak aldatuko dituzte, eta sei besaulki anatomiko berri dira jartzekotan. Ileapaindegia ere 2014ean egokituko dute.
Leku desberdinetan lanean
Herriko beste hainbat eremutan ere egin dituzte obrak eta bestelako lanak. Besteak beste, Floreaga Zaharreko aparkamentuan espaloia egin dute, hango «segurtasuna eta irisgarritasuna» hobetu nahian. «Espaloi horrekin, autoak behe aldera erortzeko arriskua saihestu eta oinezkoek ibiltzeko toki gehiago izatea ahalbidetu nahi da». Kultur etxea eta Intsausti Jauregia barrutik margotu eta txukundu dituzte, eta Oteiza frontoietan egurrezko azpiegiturak lixatu eta «egoera txarrean» zeuden baldosak berritu egin dituzte.
Horrez gain, gogoratu dute Gipuzkoako Urak eta brigadak herriko saneamendu hodiak aldatzen ari direla. Errepideetako zoruko zuloak ere konpontzen ari dira, «pixkanaka». «Hilero batzuk konpontzen dira, eta asmoa da denborarekin herriko gune guztiak errepasatzea». Era berean, gogoratu dute brigadak Santu Guztien egunerako Azkoitiko eta Aizpurutxoko hilerriak garbitu eta txukuntzeko lana egin dituela. Gainera, zuhaitzak kimatzen arituko dira otsailera bitartean.